Euskal musikariei aitortza egiten jarraituko du Lazkaoko 'Hitz&Musik' zikloak, udazken honetan
Ibilbide oparoa osatu duten eta bidea ereiten ari diren hiru musikari gonbidatuko dituzte, hitzaldi eta kantaldi labur bana ematera: Karlos Osinaga 'Txap', Aiora Renteria eta Niko Etxart.
Lazkaoko Gerriko kultur elkarteak udazken honetan emango dio jarraipena ‘Hitz&Musik’ zikloari. Hiru musikari gonbidatuta, beste horrenbeste saio iragarri dituzte, gaur goizean. Urriaren 10ean, Karlos Osinaga Txap gitarra jotzailea eta ekoizlea izango da elkarrizketatua; azaroaren 14an Aiora Renteria; eta abenduaren 12an, Euskal Liburu eta Disko Azokaren atarian, Niko Etxart.
Ekitaldi guztiak Gerriko elkartean izango dira, 18:30ean hasita, eta astearteekin. Aitor Artza musikologoak elkarrizketa egingo die lehenbizi, 50 bat minutuko iraupenekoa; musika-ibilbidea, arlo pertsonaleko kezkak eta mugarriak, edo musika eraginen eta gogokoenen inguruan ariko dira, orain arteko ildoan, elkarrizketa barnerakoietan. Ondoren, bospasei abestiko emanaldia egingo du bakoitzak.
Hitz&Musik zikloa 2016an hasi zuten, Gerriko elkartean orduko zuzendaritzan zeudenen musika zaletasunak piztuta, eta haiek herriko gainerako zaletuekin elkarlanean ondu zuten formatua. Ibilbide oparoa eta esanguratsua ondu du harrezkeroztik. Orain arte, hamasei saio burutu dituzte, normalean musikari gonbidatu banarekin (bikoak ere izan dira). Gorka Urbizu izan zen lehena, eta Fermin Muguruza eta Anari ekarri zituzten 2016 hartan.
Ines Osinaga, Mikel Aizpuru (Kau Kori Kura), Joseba Irazoki, Kaki Arkarazo, Miren Narbaiza Nize, Toño Muro (Balerdi Balerdi), Petti, Mikel Kazalis, Aitor Gorosabel, Joseba Tapia, Juantxo Arakama, eta orain arteko azkenak Niña Coyote eta Chico Tornado bikotea izan dira Gerrikon.
“Ibilbide hori ikusita, harrotasun puntu bat ere badaukagu. Musikari askori egin diegu errekonozimendua, eta zer mailatakoak ekarri ditugun ikusita, harro egotekoa da”, azaldu du Aitor Artza gidariak. Musikarien ezkutuko aldea ezagutzea da zikloaren helburua. “Asko dute esateko. Normalean, agertokiko ikuspegia soilik ezagutu ohi da. Elkarrizketa beharrezko tresna da musikariaren beste aurpegi batzuk azaltzeko”.
Normalean, udazkenetan garatu izan dute egitaraua. 2022an izan ezik; pandemiagatiko bi urteko etenaren ostean, udaberrira aldatu zen Hitz&Musik. 2024an ere, udaberrirako antolatzeko asmoa agertu dute antolatzaileek. Euskararekin lotura zuzena dutenak dira guztiak. Formatua mantenduko dute aurrerantzean ere.
Hitz&Musik-eko udazkeneko gonbidatuak:
- Karlos Osinaga Txap (Irun, Gipuzkoa, 1972). Urriak 10, asteartea, 18:30ean, Gerriko elkartean. Gitarra jotzailea eta ekoizlea. 1998tik Lisabö taldeko gitarrista da. Berraktibatu egin dute taldea, eta urte bukaeran bi kontzertu ematekoak dira; Tolosako sarrerak berehala agortu ziren. Aurretik, Kashbad taldean aritu zen. “Euskal Herriko musika ekoizle eraginkorrenetakoa ere bat Txap. Taldeei nondik jo ildoa markatzen dien figura da ekoizlearena, eta Txap-ekin lan egin dute Berri Txarrakek, Anarik, Dut-ek, Fermin Muguruzak, Glaukomak…”, dio Aitor Artzak. Estudioko lana “azpitik gainera” ekarriko dute solasaldian.
- Aiora Renteria (Bilbo, 1976). Azaroak 14, asteartea, 18:30ean, Gerriko elkartean. Zea Mays taldeko abeslaria. 25 urte bete zituzten iaz euskal eszenan. Hamar disko atera dituzte. Sari eta aitortza batzuk jaso ditu azken aldian: Gara-ren saria, Donostiako Udalaren Adarra Saria, Bilboko txupinera izateko ohorea… “Sarietatik harago, bere musika bideari egin nahi diogu aitortza. Arlo pertsonalean ere egoera zailei buelta eman die, eta gertutasun horretatik, asko du esateko”.
- Niko Etxart (Altzürükü, Zuberoa, 1953). Abenduak 12, asteartea, 18:30ean, Gerriko elkartean. 70 urte betea da, aurten, euskal rock-and-rollaren aitzindaria. Zuberoan jaio arren, Parisen hazia, han eduki zuen euskal musikarekin lehenengo hartu-emana. 1970eko hamarkadan Euskal Herriratuta, rocka euskaraz lantzen hasi zen lehenengoetarikoa izan zen, “sakrilegiotzat hartu zuten Zuberoan, baina, kasurik egin gabe, berak rock-and-rolla euskaraz egiten zuen, plazarik plaza, euskara debekatuta zegoen garaietan”.