Altzagarateko 40. igoeraren kronika eta argazkiak
Itsasondoarrek 1983an antolatu zuten lehen aldiz, eta larunbatean 40. urteurrena ospatzeko festa egin dute. Igoeraren ondoren, Itsasondoko pilotalekuan bazkaldu dute.
Larunbatean Altzagarateko txirrindulari igoeraren 40. urteurrena ospatu zuten itsasondoarrek. Goizeko hamaiketan 50 txirrindulari inguru elkartu ziren herriko plazan, bertatik Aramako bidegurutzera arte guztiak batera joan ziren eta han eman zioten irteera lau kilometro eta erdiko igoerari
Itsasondoko festen parte izan ohi zen Altzagarateko txirrindulari igoera. 1983an egin zuten lehen aldiz, baina azken urteetan ez dute ospatu. Aurten, ordea, urte berezia da, 40 urte igaro dira lehen igoera hartatik eta zerbait egin behar zela pentsatu zuten itsasondoarrek. Horregatik, herritar talde bat elkartu eta urtemuga ospatzeko festa bat antolatzea erabaki zuten. Herriko festetatik aparte egin dute aurten, zehazki jaiak igaro eta hurrengo asteburuan.
Gogotsu ekin zioten txirrindulari guztiek igoerari. Haurrek eta gazteenek segituan egin zuten aurrera, baina guztiek, nor bere martxan, lortu zuten Altzagarateko ermitara heltzea. Adin guztietako partaideak aritu ziren pedalei eragiten, baziren lehen aldiz igo zuten eta baita igoerako bihurgune guztiak ezagutzen zituztenak ere. Herriko txirrindulari ohiak ere animatu ziren proban parte hartzera, Jose Kruz Mujika, Aitor Garmendia eta Mikel Gaztañaga, besteak beste.
Bidean ez zuten animorik falta izan, Altzagako festak tarteko, jende dezente batu zen errepide bazterrean. Behin helmugara iritsita indarrak berreskuratzeko aukera izan zuten txirrindulariek jaitsierari ekin aurretik.
Bazkaria Itsasondoko pilotalekuan
Errazago egin zituzten jaitsierako kilometroak. Behin herrira itzulita, parte hartzaileak aldatzera edo herriko tabernetan zerbait hartzera joan bitartean, bazkaria prestatzen jardun zuten beste zenbaitek. Arratsaldeko hiruak aldera eseri ziren mahaian eta paella ederra jan zuten herriko frontoian batu zirenek.
Bertan, duela 40 urteko garailea omendu zuten. Joxe Garmendiari lore sorta eta txapela eman zizkioten, baita 1983ko garaikurra ere. Aurten, lehiaketaz kanpoko proba izan da eta motordun bizikletek ere parte hartu ahal izan zuten.
Parte hartzaileek zein antolatzaileek egunaren balorazio ona egin zuten eta, jada, hasi dira datorren urtera begira. Gainera, herritarren artean sortutako giro ona probestuz, urtean zehar beste zenbait ekintza antolatzeko ideia ere sortu zen.