Emakume bat Ordizian erasotua izan dela salatu du Goierriko Itaiak
"Erasoaren egiantzekotasuna kalean zalantzan jarri" dela ere salatu du antolakundeak. "Kasu hau isolatua izatetik urrun, ideologia matxistak eragindako kasu latzetako bat gehiago da".
Sare sozialetan zabaldutako ohar batean, Itaia emakumeen antolakunde sozialistak salatu du Ordizian emakume bat erasotua izan dela azken egunetan. “Babes eta elkartasun osoa” adierazi diote erasoa jasandako emakumeari, eta azpimarratu dute “eraso isolatua izatetik urrun, ideologia matxistak eragindako kasu latzetako bat gehiago” dela.
Erasoa zalantzan jarri izana ere salatu du antolakundeak. “Gertakari lazgarria izan bada ere, eraso honen egiantzekotasuna zalantzan jarri da kalean. Erasoa irmoki salatu beharrean, morboak areagotutako txutxumutxuak izan dira nagusi, difamazioak eta gezurrak zabalduz. Horrelako jarrerek egoera nahasi eta etorkizunean eman daitezkeen balizko erasoen aurrean baldintzak okertzen ditu: emakumeek salatzeko beldurra izango dute eta erasoak isilpean geratuko dira”.
Horren harira, indarkeria matxistari aurre egiteko asanbladetara batzeko deia egin dute. Azaroaren 5ean egingo du Goierriko Itaiak hurrengoa, 17:00etan, Ordiziako gaztetxean.
🔴Azken egunetan emakume bat erasotua izan zen/da Ordizian.
— Goierriko Itaia (@Itaia_Goierri) October 2, 2023
Erasoa eta halakoak gertatzeko kalean dagoen inpunitatea salatzeko, batu Indarkeria matxistaren aurkako asanbladetara!
🗓️Azaroak 5, 17:00etan
📍Ordiziko gaztetxea
INDARKERIA MATXISTA ORORI AURRE EGIN! pic.twitter.com/ynrBORJs1C