Giro aparta eta jendetza erakarri dituzte Porru kaleko festek
Urtez urte errotzen ari dira Porru kaleko jaiak. Sagardo dastaketak, kontzertuek eta bazkari herrikoiak, besteak beste, bertako eta inguruko gazteak eta ez hain gazteak ere erakarri ditu.
Festa giroa izan da nagusi Beasaingo Erauskin plazan eta frontoi txikian. Porru kaleko festak gero eta indar gehiago hartzen ari dira urtez-urtez. Ostiralean eman zieten festei hasiera, 18:00etan, suziriaren jaurtiketarekin. Jarraian sagardo dastaketaz gozatzeko aukera izan zen. Jaiak eta musika eskutik doaz beti. Ostirala ederki borobiltzeko kontzertu sorta bikaina izan zen gauen eta jendetza bildu zen frontoian. Sheldon’s beasaindarrekin konpartitu zuten oholtza Tatta, Mutiko eta Denso eta Zopilotes Txirriaos taldeek, bertaratu zen oro, musikaren erritmora dantzan jarri zituztenak.
Paella erraldoia
Ordu txikitan amaituko zen ostiraleko festa, eta askorentzat, larunbatean altxatzea kosta bazen ere, festak ez zuen behera egin. Eguerdian, jendetza bildu zen bazkari herrikoirako. Aurreko egunak utzitako ajeari aurre egiteko aparteko menua izan zuten. Paella erraldoia prestatu zuen antolakuntzak.
Bazkal ostean, bingo musikatua izan zuten, eta hura amaituta, herrigunean zehar elektrotxarangaren erritmora, tabernaz taberna ibili ziren ospakizunarekin jarraitzeko.
Aurtengo festei amaiera emateko, Muxutruk erromeria eta DJ Fresa Morango izan ziren frontoi txikian, berriro ere, jendez bete zena.
Aurtengo arrakastaren ondoren, hurrengo urtera begira, jaiak antolatzeko herriko gazteen kolaborazioa eskatu du antolakuntzak.