Goierriko hamabi herritan egingo dituzte Ondarearen Europako Jardunaldietako ekitaldiak
'Ondarea bizirik' goiburupean egingo dituzte aurtengo saioak, hemezortzi denera Goierrin. Transmisioan eragitea dute helburu jarduerok.
Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur goizean aurkeztu ditu Ondarea bizirik! goiburupean aurten egingo diren Ondarearen Europako Jardunalditako ekitaldiak. Tokian tokiko gizarte eta turismo eragileekin elkarlanean antolatutako jarduerak dira. Goierriko hamabi herritan egingo dira ekitaldiak, denera hemezortzi.
Egingo diren jarduerek ondarea bizirik mantentzeko askotariko moduak aztertuko dituzte: artisau lanbideak, kontserbazio eta babes teknikak, ondarea zaintzen duten komunitateak eta, batez ere, transmisioa, horrek eragiten baitu hizkuntza, tradizio, jai, kirol eta ospakizunek oraindik ere espazio nabarmena izatea herrien egunerokotasunean.
Hona hemen Goierriko herrietan egingo diren jarduerak:
ATAUN
- Urriak 7 eta 14 (11:00-12:00): Natura eta historiaren ondarean murgilduz.
“Herritar nahiz kanpotarrei Ataunek dituen ondare aipagarri batzuk bertatik bertara ezagutaraztea da helburua; bide batez, ondarea balioan jarriz. Hau da, guztiona dela jabetuz, datozen belaunaldiei trasmititzeko bitartekari izanik. San Martingo plazan burutuko da guztia: ingurua, mitologia, historia eta hurbileko eraikuntzak ezagutuz: Oinezko ibilaldi motz baten bidez, plazatik irten gabe, gidariak zuzenduko du bisita, bideko ondarea ikusi eta dastatuz: Plaza: armarriak, hilobiak, ubidea. Udaletxea San Martin eliza: (organo barrokoa, artxiboak). Guztia Usategiko koba, Jentilbaratzeko gaztelua eta Ataungo Domoa aurrez aurre direla”.
BEASAIN
- Urriak 8, igandea (11:30): Igartzako Monumentu Multzoari loturiko lanbide ezberdinak ezagutzeko bisita gidatua.
“Igartzako Monumentu Multzoaren historiari loturiko lanbide ugari dagoeneko galduak daude edo gaur egun galtzear daude: errotariarena, olagizonen lana, errementaria,…Mendeetan artisau hauek egindako lan isila ezagutzera ematea da bisita honen helburu nagusia”.
- Urriaren 15era arte: Artisauen lan isila, mendeetan egon diren lanbide ezberdinen erakusketa.
“Igartzako Monumentu Multzoak iraganera bidaiatzeko aukera paregabea ematen dio bisitariari. XIV. mende amaieran du jatorria monumentu multzoak. Bertan aurki ditzakegu Jauregiaz gain, errota, burdinola, dolarea… Erakusketa honetan Igartzako Monumentu multzoan izan diren lanbide ezberdinak ezagutzeko aukera izango da”.
EZKIO
- Urriak 28 (11:00): Tradizioa soinean: Bitxigintza berria ondare etnografikotik abiatuta.
“Ondare etnografikoa, gure baserrietako tresna zaharrak eta antzinako objektuak inspirazio iturri bihurtu nahi izan ditugu. Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Bideberri BHIko Bitxigintza Diseinuko Goi Mailako Zikloko ikasleak elkarlanean ondare etnografikoan oinarritutako bitxiak sortu dituzte, eta sorkuntzak hitzaldi eta erakusketa baten bidez erakutsiko dira Igartubeitin. Etnografiaz gain, bitxigintza prozesuaz eta artisautza lanaz ere hitz egingo dugu”.
- Urriak 28 (16:30). Egizu zure bitxia laiekin!
“Laia Euskal Herriko oin-golde motako laborantza tresna da, bi eskuekin erabilia,erabiltzen zutenei laiariak deitzen zitzaien.Famili tailer honetan egurrezko laiak erabiliko ditugu bitxiak sortzeko.Euskal ondarearen pieza esanguratsu hau gaur egungo bitxigintza teknikekin eraldatuko dugu Marta Fernandez Caballero bitxigilearen eskutik, ondarea gaurkotasunera ekarriz. Ekintza Bideberri BHIko bitxigintza artistikoko ikasleen laien bitxi formako interpretazio garaikidearen erakusketarekin bat doa”.
IDIAZABAL
- Urriak 25 (18:00): Ahaztutako paperak bisita gidatua.
“Idiazabalgo udal artxiboan gordetzen diren dokumentu zaharrak ezagutzeko bisita, Antonio Berasategi historialariak gidatua. Antzinako gertaerak, pertsonaia ezagunak, bitxikeriak… biziberritzeko parada”.
LAZKAO
- Urriak 6 (18:30-20:00, gazteleraz) eta urriak 7 (11:30-13:00, euskaraz): Lazkaoko Beneditarren Fundaziora bisita: Ondare Bizia Elkarlanean.
“LBFk hamarkadak daramatza Euskal Herriko historia politiko eta kulturalarekin zerikusia duen orotariko materiala biltzen (aldizkariak, kartelak, pegatinak…) eta erakunde zein norbanakoen artxiboak jasotzen, etorkizunera begira kontserba daitezen eta gizarteak eskura izan ditzan. Hori guztia ezagutzeko bisitak antolatu ditugu. Funtsak guregana nola iritsi diren, beraiekin zer lan egiten dugun eta zertarako erabili daitezkeen ikasiko dugu”.
LEGAZPI
- Urriak 8 (bi txanda, 11:oo eta 12:30): Burdin Magikoa Scape Room.
“Legazpiko Euskal Burdinaren Museoan, esperientzia berri bat sortu dugu, museoko ezagutzak barneratzeko. Talde bakoitzak 50 minutu izango ditu escape room dibertigarri honen irteerara eramango dieten probak gainditzeko. Enigmek, Euskal Herriko hainbat lanbide tradizionalekin izango dute lotura. Familian ikasteko eta dibertitzeko beste modu bat da hau!”.
- Urriak 15 (bi txanda, 11:oo eta 12:30): Ondare bizia: Mirandaola parkeko arbolak Euskal Basoaren ispilu!
“Zuhaitzak gure ondare naturala dira, gure ondare bizia. Mirandaolako parkeak eremu txikian biltzen ditu kantauri isuri aldeko euskal basoetan bizi diren zuhaitz-espezieak. Pagoa, haritza, astigarra, makala, ezkia, urritza… Bisita honetan, arbola horiek guztiak ezagutuko dituzu, Ainara Osinalde adituaren eskutik. Zuhaitz horietako egurrak eman die bizitza gure burdinolei, horregatik, Mirandaolako burdinola martxan ikusteko aukera ere izango duzu, bizirik mantendu den tradizioa!”
ORDIZIA
- Urriak 8 (10:30): Ordizia historian barrena ibilbidea.
“Ibilbide honetan kasko historikoaren bisita gidatua egingo da”.
- Urriak 29 (10:30): Domingo Unanueren altxorrak ibilbidea.
“Ordiziako Domingo Unanue arkitekto handiaren irudia ezagutuko dugu eta bere eraikinik adierazgarrienak ezagutzeko ibilbidea egingo da”.
ORMAIZTEGI
- Urriak 7, 14, 21 eta 28 (16:00-19:00): Jantzigintzako tailerra
“Zumalakarregi museoak, garaiko moda-patroiak berreskuratu ondoren, jantzigintzako tailer hau antolatu du “XIX. mendeko eleganteen bilkura” ekitaldiaren 10. edizioa ospatuz, jantzi berriak egiteko helburuarekin.
Museoak bultzatutako ekimen honek herriko jaietan ospatuko da eta desagertutako Ormaiztegiko bainuetxearen urrezko garaia gogoratu nahi du janzkeraren bitartez”.
- Azaroak 3: Bainuetxeko ahotsak podcasta.
“Ormaiztegiko bainuetxeari lotuta egon ziren pertsonen esperientziak jasotzen ditu. Bainuetxea 1853an inauguratu zen eta 1964an itxi. Lan esperientziak azaltzen dituzten lekukotasunak dira, baita instalazioak erabili zituzten pertsonenak ere. “Bainuetxeko ahotsak” podcast honetan memorian arakatzen da, memoria horren transmisioak herriko ondare bizian funtsezko alderditzat duen garrantzia azpimarratzearekin batera”.
SEGURA
- Urriak 29 (12:00): Errebote plazan ondare bizia berreskuratuz.
“XVIII. mende amaieran pilota jokorako sortutako plaza berreskuratu berri dugu Seguran. Plazaren alde batean erreboteko frontisaren oinarria topatu da eta bestean sakarri originala dugu. Orain galtzen ari diren pilota modalitateak herriko plazan jokatzeko aukera dago eta ondarea biziberritzeko partida bat jokatuko dugu eta ondoren lantegi ireki bat egingo da. Duela 3 mende Segurako plazak zuen izaera berreskuratu nahi da, plazari zentzua ematen dion jokua biziberrituz”.
URRETXU
- Azaroak 4 (12:00): Urretxuko herriaren historia geologikoa bere elementu arkitektonikoen bidez.
“Nola jakin dezakegu zer gertatu zen Urretxun biztanleria bertaratu baino lehen? Are gehiago, nola ezagutu dezakegu gizakia eta bere ekintzak azaldu aurretik gertatutakoa? Aztarna eta idatzizko hitz gabezia edo gizakia bera ez izana, ez dira oztopo gure planetaren zatitxo honetan izan ziren gertaerak ezagutzerako orduan. Geologia da erantzuna.
Gure inguruko eraikuntzak egiteko harkaitzen azterketen bidez, orain dela milioika urte eremu honetan zer gertatu zen jakin dezakegu”.
ZERAIN
- Urriak 8 (10:30-13:30). Gozatu eta ezagutu ondarea familian.
“Familientzako tailer eder bat antolatuko dugu, non sormena erabiliz burdinaren mea eraldatzeko prozesua ezagutuko dugun. Umeentzat egokitutako ekintzak izango dira, modu dibertigarri eta didaktikoan eta bertan dugun ondarea bizirik sentituko dugu jolasen bitartez. Familian gozatzeko plan ezin hobea”.
ZUMARRAGA
- Urriak 7, 14 eta 21. Zumarraga Bide Bizia
“Zumarraga ezagutzera eta bizitzera gonbidatzen zaituen bide bat. 3 ibilbide proposatzen dira, ikusten ez diren lekuak, historiak eta istorioak ezagutu ditzazun, Zumarragako ezinbesteko lekuak bisitatzen dituzun bitartean. Hiri ibilbide, ibilbide industriala eta natura ibilbidea. Egun bakoitzean ibilbide bat egingo da”.
- Urriak 22 (10:00-12:00): Zure alboan: Kalbarioko Hiru Gurutzetako ibilbidea / Ibilbide zirkularra
“Antzuolako Kalbarioko Gurutzeak Gipuzkoako kultur ondarearen adierazgarri dira. XVIII. mendeko hiru gurutze-ontzi handi daude, batez ere erdikoa da nabarmen, haren azalera grabatua Jesukristoren Pasioa irudietan kontatzen duen harrizko liburu baten parekoa baiten. Bisitaren helburua belaunaldi berrientzat ondare kulturala babestea da”.
.