Ostegunean hasiko dira Goazen Ordizia paseoak
Nahiaren edo beharraren araberako ibilaldiak egingo dira ostegunero, 10:30ean Plaza Nagusitik abiatuta. Herritarrak deitu dituzte boluntario bezala parte hartzera.
Ostegunean itzuliko dira Goazen Ordizia ekimeneko paseoak. Aurrerantzean, berriz ere hitzordua Plaza Nagusian izango da, ostegunero, 10:30ean, taldean ibilaldi bat egiteko. Interesa duenak 10:20ean udaletxe azpira joan behar du, bertan izena eman eta ekimenean parte hartzeko.
Beharraren eta nahiaren araberako ibilbideak egingo dituzte. Plaza Nagusitik atera eta Zuhaizti jubilatuen zentroan amaituko dira paseoak. Ondoren, mokadutxoa banatuko dute. Edozeinek parte hartu dezake, Ainhoa Jimenez ongizate zinegotziak azaldu bezala, “sozializatzeko aukera paregabea eskaintzen” baitu. Helburua osasuna eta interakzio soziala sustatzea da.
Boluntarioak behar dituzte, eta herritarrak deitu dituzte parte hartzera. “Ekimen hau aberatsa da oso. Osasuna hobetzea, aktiboago sentitzea, Ordizia eta bere inguruak ezagutzea, lagun berriak egitea edo beste pertsona batzuekin esperientzia partekatzea dira, besteak beste, lortu nahi diren helburuak. Ibiltzeak ez du ahalegin handia eskatzen, eta ohitura bezala hartzen bada, antolatzaileek dioten moduan osasunari mesede egiten dio: bihotza indartzen da, tentsio arteriala hobetzen da eta azukre eta kolesterol mailak jaisten dira”.