Ostiralean izango da VIII. Gaztaren Biltzarra, Barrenan
Gaur aurkeztu dute Gipuzkoako Foru Aldundiko prentsa aretoan biltzarra, Donostian. Hiru hitzaldi eta mahai inguru bat izango dira, 9:00etatik 13:45era. Lehen sektoreari lotuta, dibertsifikazioa, abeltzaintza estentsiboa, biodibertsitatearen kontserbazioa edota teknologia berriak izango dituzte mintzagai.
Ostiralean izango da Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiak antolatutako VIII. Gaztaren Biltzarra, Ordiziako Barrena Kultur Etxeko areto nagusian, goizez. Lehen sektoreari eta artzaintzari lotutako egungo gaiak jorratuko dira bertan, aditu ezberdinen eskutik. 9:00etan hasiko da, 13:45ak arte.
Gaur goizean aurkeztu dute biltzarra Gipuzkoako Foru Aldundiko prentsa aretoan, Donostian. Bertan izan dira Adur Ezenarro Ordiziako alkatea, Manuel Iturrioz Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiako kide eta Biltzarreko arduraduna, eta Arantxa Ariztimuño Aldundiko Nekazaritza eta Landa Garapeneko zuzendaria.
Lehen sektorea oinarri, dibertsifikazioa, klima aldaketa, biodibertsitatearen kontserbazioa, abeltzaintza estentsiboaren onurak edota teknologia berriak izango dituzte mintzagai biltzarrean. Ezenarro alkatearen esanetan, “artzainei eta lehen sektoreari tokatzen zaio etengabeko formazioan jardutea”, eta horren isla da ostiraleko jardunaldia. “Azpimarratu behar da elkarlana badagoela artzaintzan, eta biltzarrean ikusten da. Esparru akademikoan edo ikerketan dabilen jendeak bere ezagutza partekatzeko eta laguntzeko aukera da. Garrantzitsua da ondo egiten dutenengandik ikastea etorkizunera begira”.
Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiaren helburua da “Ordiziako azoka eta lehen sektorea babestea”, Iturrioz-ek azaldu duenez, “lurraren eta mendien alde eginez”, eta horretarako antolatu dute beste behin biltzarra, “urtero bezala ilusioz”. Artzainentzat “lagungarri izatea” espero dute.
VIII. Gaztaren Biltzarreko egitaraua
Hurrenez hurren, 9:00etan hasita, hauek izango dira biltzarreko hitzaldiak eta mahai ingurua:
- Abeltzaintza estentsiboaren ingurumen zerbitzuak. Biodibertsitatearen kontserbazioa eta klima aldaketaren aurkako borroka. Gerardo Morenok egingo du hitzaldia. Salamankako Unibertsitateko Biologia doktorea eta Extremadurako Unibertsitateko katedraduna da.
- Kalitatezko esnea, berrikuntza eta merkatua. Sorkuntza bideen eta elikagaien hornikuntzaz ariko da Mikel Zeberio. Basque Culinary Center-eko irakaslea, kazetaria, sumiller-a edota Petramora ganadutegiko jabekidea da.
- Elikagaien sektoreko esterilizazioa. Gazta instalakuntzetarako aplikazio zuzenak. Ozonoan oinarrituriko soluzioak. Rafael Camarena eta Francisco Javier Montaner-ek egingo dute hitzaldia. Ozone Technology enpresako gerentea eta ingeniaria dira. Ozonoa erabiliz, kutsadura kimikorik gabeko soluzioa eskaintzen dute, bakteriak eta mikroorganismoak suntsitzeko gai dena.
- Mahai ingurua. Jon Odriozolak moderatuko du. Aurreko biltzarretan jorratutako gaiak landuko dituzte, eta hurrengo urtera begira antolatu daitezkeenaz hitz egingo dute.