Zortziehun kilo zabor atera dituzte Oiduiko leizeetatik
Errefusa da gehien atera duten hondakin mota, baina beira, plastikoa eta txatarra ere ugari aurkitu dute. Leizeetako bat ez dute erabat garbitu, hondakin poltsaz betetako galeria bat aurkitu baitute.
Larunbat goizean Oiduiko leizeak garbitzen izan den taldea. // Argazkiak: Enirio-Aralar Mankomunitatea Enirio-Aralar mankomunitateak egindako deiarekin bat eginez, “lantalde aparta” elkartu dira larunbatean Oidui (Oiduegi) inguruko bi leizeen garbiketa lanetan aritzeko. “Zortziehun kilo zabor atera ditugu oraingo honetan. Beste behin errefusa izan da gehien atera dugun hondakin mota, baina beira, plastikoa eta txatarra ere ugari aurkitu dugu”.
Leizeetako bat garbi uztea lortu duten arren, bestean “zabor kantitate handia” aurkitu dutela nabarmendu du mankomunitateak, “tona ugari” ziurrenik. “Zaborra kentzen hasi bezain laster, hondakin poltsaz beteriko galeria berri bat agertu da. Hurrengo lanaldietan Oiduiko leize hau garbi uzteko konpromisoa hartu dugu. Gogoan izan behar dugu, leize edo urzulo honetako urak Ondarretik igaroz Osinberdera doazela, eta bertatik Zaldibiako etxeetara”.
Auzolan garbiketa hori Eusko Jaurlaritzaren biodibertsitate arloko laguntza baten barruan kokaturiko ekintza bat da. Mankomunitateak eskerrak eman nahi dizkie gidaritzan aritu diren Felix Ugarteko kideei eta baita lanera hurbildu diren Tolosaldeko eta Goierriko boluntarioei ere.














