Baserritarren eguna ospatuko dute igandean
Idiazabalgo baserrietako ganadua plazara aterako dute. Euskal Herriko 40. Artzai Gazta Txapelketa ere jokatuko da.
Egun berezia izaten da igandekoa. Sona handia duen Idiazabal gazta izango da protagonista; baserriko egun bete batean murgilduko baitira goierritarrak. Egitarau betea antolatu dute idiazabaldarrek betiko lez, baina bada pisuzko ekitaldi bat: 40. Euskal Herriko Artzai Gazta Txapelketa. Igarondo pilotalekuan jokatuko da, eta 2023ko Euskal Herriko Idiazabal Baserriko gazta onena aukeratuko dute.
Gazta lehiaketa honetan Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako txapelketetan lehen hamar postuetan sailkatutako beste horrenbeste gaztagilek hartzen dute parte, berrogei denera. Gipuzkoarren artean, goierritarrak izango parte hartuko duten gehienak. Tartean leudeke Gabiriako Baztarrika, Segura Ondarre eta Ordiziako Otatza. Gainera, txapelketan izena eman duten gaztagileen gaztak eskuragarri egongo dira plazako azokan.
Epaimahai oparoa
Belen Landa Artzai Gazta Elkarteko Koordinatzailea da, eta epaimahaia osatuko duten pertsonen zertzelada batzuk eman ditu dagoeneko. Mahaia Idiazabal Jatorriko Kontseilu Arautzaileko dastatzaileak, aurretik jokatutako txapelketetan sailkatu ez den artzainen bat eta arlo ezberdinetako pertsonak ariko dira dastaketa lanetan. Horien artean, Jon Maia, Oinatz Bengoetxea, Rafa Gorrotxategi, Aitor Buendia eta Kaxola jatetxeko Iker Markinez egongo dira.
Baserritarren egunaren barnean antolatutako lehiaketa da hau; beraz, inguruko ganadua, artisauak eta abarrek ere izango dute haien lekua. Azokan artzain ezberdinen ardiak, ahuntzak, hogei behor inguru eta beste hogei behi egongo dira. Ganadu guztia, gainera, Idiazabalgo baserritarrena izango da.
Alberto Aldasoro San Blas Abeltzain Elkarteko presidentea da, eta baserritarren eguna baserritarrak elkartze aldera eta herriari ispilu bat erakuste aldera sortu zutela adierazi du. «Baserritarrek elkarrekin egiten dugun ekintza bat da, elkarri lagunduz egiten dena, eta horrek nolabaiteko izpiritua ematen dio. Orain, gainera, momentu baxuetan gaude GKEa -Gaitz Hemorragiko Epizodiotikoa- dela eta, eta prekauzio guztiak hartuko ditugu». Gehitu du, gainera, industrializazio garaian nekazariek «burua altxatzeko» egiten duten ospakizuna dela.
Egitaraua
- 10:00 Ganadu erakusketa Arretxeko aparkalekuan. Gaztagileak eta artisauak plazan inguruan
- 10:30 Kalejira txistulariekin herrian zehar
- 10:30 Euskal Herriko 40. Artzai Gazta Lehiaketaren hasiera Igarondo pilotalekuan
- 11:00 Ekojolasak Futbiton
- 11:30 Gazta dastaketa herrikoia plazan
- 11:45 Gaztaren elaborazio erakustaldia udaletxe aurrean
- 12:00 Herri kirolak Futbiton
- 13:45 Sari banaketa udaletxean