Gizarte arloan lan egiten duten elkarteentzako laguntzak onartu ditu Udalbatzak
Abenduaren 15era arte zabalik egongo da diru-laguntzak eskatzeko epea. 95.000 eurokoa izango da aurrekontua. Hobekuntza lanak aurreikusten dira hainbat azpiegitura publikotan.
Gizarte arloan lan egiten duten irabazi asmorik gabeko Beasaingo elkarteentzako 2024 urterako diru laguntzak onartu ditu Beasaingo udalbatzak, urriko osoko bilkuran, aho batez. Abenduaren 15era arte zabalik egongo da laguntzak eskatzeko epea, datorren urtean, elkarteek dituzten proiektuak garatzeko. Aurreikusitako aurrekontua 95.000 eurokoa da.
Laguntza hauekin, Udalaren helburua da, zaurgarritasun egoeran dauden kolektiboen beharrei aurre egitea eta arazo espezifikoak konpontzen lagunduko duten ekintzak sustatzea.
Ondorengo arloei loturiko proiektuek jaso ditzakete diru-laguntzak: eremu soziosanitarioko proiektuak; gizarte-bazterkeriako arriskuan dauden pertsonentzako proiektuak; desgaitasuna duten pertsonentzako proiektuak; elkartasuna sustatzeko sentsibilizazio-ekintzetara zuzendutako proiektuak eta pertsona jubilatuei eta adinekoei zuzendutako proiektuak, besteak beste.
Eguzki plakak
Loinatz futbol zelaiko harmailetako estalkian eguzki plakak jartzeko lanak kontratatzeko pleguak onartu dira Gobernu Batzordean, Beasaingo udal eraikinetako energia beharrei aurre egiteko eta udalerriko jasangarritasun energetikoan aurrera pausoak emateko helburuarekin.
Pisua altxatzeko gela
Antzizar kiroldegiko gela bat power-pisu praktika libreetarako egokitzeko obrak esleitzeko baldintza pleguei onespena eman zaie. Erabiltzaileen beharrei erantzunez eta zerbitzuen eskaintza handitzeko helburuarekin.
Igartza, hobe hornituta
Igartzako jauregian ikus-entzunezko azpiegiturak hobetzeko lanak kontratatzeko baldintza pleguak ere onartu dira. Helburua da, jauregiak hitzaldi, kongresu eta bestelako kultura ekitaldiak hartzeko dituen baldintza teknikoetan aurrerapauso bat ematea. Honako hau, Europar Batasunak finantzatutako Next Generation planaren barruan dago aurre ikusita.