«Horrelako herri txikietan egunerokoan oinarritzen da lana»
Bigarren agintaldia du Maite Garmendiak Altzagako alkate gisa. «Orain arte bezala» jarraitu nahi du, «eguneroko problematikei denon artean» erantzuten.
Ekainaren 17an udalak osatu zirenetik ehun egunetik gora pasa direnean, urte amaierara arte Goierriko alkateekin elkarrizketak argitaratuko ditu GOIERRIKO HITZAk.
Maite Garmendia (Altzaga, 1970) Altzagako alkatea da. Aurreko agintaldian hartu zuen kargua, eta 2023-2027rako berriz hautatu dute herritarrek. Emandako pausoen eta proiektuen inguruan hitz egin du.
Aurreko agintalditik jarraitzen duzu. Ibilbidea duzu dagoeneko. Nolakoa izan da agintaldi berriko hasiera hau?
Aurreko agintaldiarekin konparatuta ezberdina izan da hasiera hau. Esan duzun bezala azkenean aurreko lau urteetan esperientzia biltzen joan naiz eta gehiago ezagutzen ditut orain udaletxean dauden jardunak eta prozedurak, eta honenbestez gauzak beste segurtasun batekin egiten ditut orain.
Aldaketa nabarmenik nabaritu duzu?
Ez, horrelako herri txikietan egunerokoan oinarritzen da lan handiena eta orain arte egindakoaren bidetik jarraitzea tokatzen da.
Pertsonalki, zer moduz ikusten duzu zure burua?
Lasaiago, herriko dinamika ere hobeto ezagutu dut azken urteetan eta saiatu naiz herrian benetan dauden beharretan enfokatzen, gauza berezietan pentsatu gabe.
2019ko elkarrizketan aipatu zenuen politika ez duzula gustuko. Berdin pentsatzen segitzen duzu?
Nire ustez horrelako herri txikietan politika alde batera utzi behar da. Azkenean, ez daude interes politikoak eta herrigintzari eman behar zaio garrantzia, herritarren beharrei erantzun bat emateko asmoz.
Altzagarrek zuri eman zizuten bozka gehien, bigarren aldiz. Nola jaso zenuen hori?
Oso gustura, polita da ikustea lau urteetan egindako lana herritarrek baloratzen dutela eta aurrera jarraitzeko indarra ematen dizu azken batean.
Aurreko agintaldian bi taldetako ordezkariek osatu zenuten udal gobernua. Aurten, Altzagaren Aldeko Taldekoak zarete bostak. Zer moduzkoa da harremana?
Oso harreman ona dugu, ahalegindu gara iraganean egon zitezkeen ezberdintasunak alde batera utzi eta herriaren hobe beharrez talde bakarra osatzen.
Aurreko agintaldian aipatu zenuen udala osatzen zenutenen arteko harremanak ontzea nahiko zenukeela. Hori aldatu al da?
Bai, esan bezala herrian giro ona egon dadin, eta horrenbestez lana egiteko eta proposamenak martxan jartzeko, denon beharra dugu, eta garrantzitsua zen denon parte hartzea.
Zein izan dira tarte honetan emandako lehen pausoak?
Lau urte hauei begira, pixka bat antolatu eta herriari begira helburu batzuk finkatu ditugu, batzuei lehentasun gehiago emanez eta bidean sor daitezkeenetarako prest egoten.
«Polita da ikustea lau urteetan egindako lana herritarrek baloratzen dutela»
«Giro ona egon dadin, denon beharra dugu. Garrantzitsua zen denon parte-hartzea»
«Kristalezko leihoak ipiniko dira frontoia ixteko, bereziki neguari begira»
Zein izango da Altzagarekiko asmoa, orokortuz?
Arau subsidiarioen plan orokorrarekin jarraitzea, udaletxea berritzeko proiektua martxan jartzea eta azkenik frontoiaren itxiera.
Baserritarrekin harremanak sendotzea izan zen aurreko agintaldiko helburuetako bat. Nolakoa da harremana egun?
Baserritarrekin oso harreman ona dugu. Ahalegintzen gara landa guneak presente izaten beti, herriarentzat oso garrantzitsuak direlako, eta izan ditzaketen behar zein zalantzei ahalik eta ondoen erantzuten.
Beste herri batzuekin komunikazioa hobetu nahi zenuten. Komunikazioa hobetu da?
Beste herriekin beti izan dugu komunikazio ona, eta bereziki ahalegintzen gara inguruko herri txikietako jendearekin komunikatzen, komunean gauza asko ditugulako eta elkarri laguntzeko aukera ematen duelako horrek.
Parte hartze prozesuak aipatu zenituen herritarren zalantza edo arazoak ezagutzeko. Martxan jarri dituzue?
Azken agintaldian hasi ginen: herrigunean aparkalekuekin zeuden arazoentzat irtenbidea proposatu eta burutzea, liburutegia martxan jartzea eta orain abiatuko dugu frontoiaren itxiera.
Nolako itxitura izango da?
Kristalezko leihoak ipiniko dira frontoia ixteko, bereziki neguari begira.
Udaletxea berritzeko eta ostatu bat jartzeko asmoa azaldu zenuen. Proiektu hori zein puntutan dago?
Momentu honetan, herriko arkitektoa udaletxearen berritzea aztertzen ari da. Horren ondoren, arkitekto ezberdinen ideiak eta proposamenak jasoko ditugu, eta herritarren nahi eta beharretara ondoen egokitzen dena aukeratuko dugu. Eta ostatuarekin ere berdin.
Energia mailan, plaka fotovoltaikoak jartzeko proiektua aurrera doa?
Bai, plakak jada jarrita daude eta TEK-ek esandakoan martxan jarriko dira; eta ibilgailu elektrikoak kargatzeko sistema ere martxan dago.
Arau subsidiarioei jarraipena ematen ari zarete. Plan orokorrarekin hasita zaudete. Zeren aldeko apustua egingo duzue arau subsidiarioekin? Zein da arau horien oinarria eta helburua?
Zeuden legeak gaurkotzea eta egungo beharretara egokitzea, baserrietatik bi etxebizitza ateratzeko aukera ematea eta etxebizitza berriak egiteko aukerak planteatzea.
Zeintzuk dira behar horiek?
Etorkizunera begira herriko gazteei herrian bertan etxebizitza bat edukitzeko aukera ematea, adibidez.
Etxebizitza berriak egiteko asmo horren harira, herritarrek kezka hori badutela sumatzen duzue?
Errealistak izanda, momentu honetan ez dugu kezka hori sumatzen, baina aurrera begira aukera hau ematea eta behintzat hori posible egin dezakeen arautegia ezartzea garrantzitsua da.
Zein dira hurrengo urteetarako erronka nagusiak?
Aurretik esandakoaren harira, udaletxea berritu eta ostatua jartzea, plan orokorrarekin jarraipena eta orain arte bezala egunerokoan herrian gerta daitezkeen arazo zein beharrei erantzutea.
Hurrengo lau urteetan, zer da Altzagarentzat gehien desio duzuna?
Orain arte bezala jarraitzea, eguneroko problematikei denon artean erantzutea eta herri giroan denok gustura egon daitezen nire aletxoa jartzea.