Isabel Imaz Aranburu beasaindarra hil da
Beasaingo Olano harategiko arima izan da Isabel Imaz. Gaur egingo diote azken agurra.
Isabel Imaz Aranburu, Beasaingo Olano harategiko alma materra, atzo hil zen, 85 urterekin. Beasaingo enblemetako bat izan da Isabel. Beasaingo enbaxadore izan zela esan daiteke, bertako produktu kuttunenaren alde egin zuen lanagatik, Beasaingo odolkiaren alde.
Bere etxean prestatutako produktu honi esker, makina bat sari irabazitakoa da. Azken bederatzi edizioetan bertako odolki lehiaketaren irabazlea, Isabel Imazek eta bere familiak garaipen bakoitza zoriontasunez bizi izan dute, eta harrotasunez, irabazitako sari bakoitza, Beasaingo herrigunean kokatuta dagoen establezimenduko paretetan zintzilik daude. Beasainen bakarrik ez, beste plaza askotan ere sariak irabazitakoa da; Zumarragan, Ordizian, Ormaiztegin, Zarautzen,…
Azken agurra, gaur arratsaldean
Azken agurra, gaur, asteartea, arratsaldeko 19:00etan Andre Mari Zerutarraren Parroki Elizan gorpua aurrean dela, egingo da eta hileta elizkizunera joateko gonbita egin du familiak.
Gorpua Beasaingo Goierri beilatokian egongo da 13:30ak arte, eta arratsaldean, 16:00etatik 18:00ak arte.