Xabier Mendiguren Bereziartu itzultzaile eta idazle ezkiotarra hil da
Euskalgintzaren Kontseiluko lehen idazkari nagusia izan zen eta euskaltzain urgazlea ere bai. 78 urte zituen, eta aspaldian Donostian bizi zen.
Xabier Mendiguren Bereziartu idazlea, itzultzailea eta Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi ohia hil da. Ezkion (Gipuzkoa) jaio zen, 1945. urtean, eta euskararen inguruan eman zuen bizitza. Ikastolen mugimenduan ibili zen. Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi izan zen haren sorreratik 2010era arte, eta euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak. Donostian bizi zen aspaldian.
Filosofian eta Letretan lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean, eta arlo horretan jardun zuen. Lan handia egin zuen euskarazko testuliburuak sortzen, eta Iker taldearen sortzaile izan zen 1974an. Saioka euskarazko ikasliburuak ondu zituen beste askorekin batera, hala nola, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ikastolen Elkarteak.
Halaber, Martuteneko Itzultzaile Eskolaren sorkuntzan parte hartu zuen, eta hango irakasle eta zuzendari lanetan aritu zen 1990era arte. Eskola horretatik atera ziren 1987an EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea eta Senez aldizkaria.
Hizkuntzazale amorratua
Hizkuntzazalea zen, 11-12 hizkuntza ikastera iritsi zen. «Asko gustatzen zait hizkuntza desberdinak ezagutzea. Asko estimatu izan dut desberdintasun horrek ematen duen aberastasuna», zioen. 1966 inguruan, euskara batuaren aldeko lanean aritu zen: «Euskara batua oso beharrezko ikusi izan dut beti. Euskara batuak asko lagundu dio euskararen etorkizunari; batu egin gaitu, elkar ulertzen lagundu digu… Herrialde desberdinetakoak hurbildu egin gaitu, eta hori beharrezkoa da, bakoitza geure zokoan bizi ginelako bestela».
Gaur egun Euskalgintzaren Kontseilua bezala ezagutzen denaren bultzatzaile nagusietako bat izan zen. Egunkaria sortzeko prozesuan ari zirela proposatu zuen bilera zabalago batzuk egitea. Haien ondoren antolatu zituzten Euskararen Unibertsoa jardunaldiak Elgoibarren, 1997an. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren hasiera izan zen hura.
Euskararen egoerarekin “baikor”, baina ñabardura jarrita
Iazko azaroan Berria-ri egindako elkarrizketan, euskararen egoerarekin «baikor» zegoela adierazi zuen, baina ñabardura jarrita. «Ez batzuek adierazten duten erabateko segurtasun horrekin. Ekin eta ekin jarraitu beharra daukagu etengabe», adierazi zuen. «Aurrerapausoak eman ditugu, zorionez; nabarmena da hori, baina ez nahiko genukeen abiaduran eta tamainan. Maila guztietan, baita politikarien eta erakundeen artean ere, gauza gehiago egin beharko genituzkeela uste dut. Beste toki batzuetan daukaten irmotasuna falta zaigu guri».
2010ean Kontseiluko idazkari nagusi kargua utzi eta gero, EH 11 Kolore elkartean eledun jardun zuen Mendigurenek: Euskal Herrian euskarak lokarri funtzioa izan behar duela defendatzen jarraitzeko era izan zuen han. Orain hamar urte GoiBerri aldizkariari emandako elkarrizketan aritu zen euskarari eta elkarte horren funtzioei buruz.