XVII. mendeko Igartubeiti, 2023an ikusgai
Sagardo astea ospatuko dute urriaren 10etik 17ra, eta antzezpenak eta erakustaldiak egongo dira, besteak beste.
Datorren urriaren 10etik 17ra bitartean ospatuko dute Sagardo Astea, eta aurtengoa, 22. edizioa izango da. Sagardo aste honek, Igartubeiti baserrian bizi izandako pertsonaien bitartez, Igartubeiti baserria bera ezagutzeko aukera ematen du.
Kizkitza Ugarteburu Igartubeiti baserriko langileak adierazi du, gainera, “baserriko prentsaketa zuzenean ikusteko urteko une bakarra” izango dela. Antzerkiak, kirikoketa erakustaldiak eta erakusketak izango dira aste horretan protagonista.
Igartubeiti baserri museoak iraunkortasunarekin “konpromisoa” duela adierazi dute antolatzaileek; hori dela eta, prentsatutako sagar guztia Ezkio eta Itsasokoa izango da.
XVII. mendeko Igartubeiti
Asteko egun ezberdinetan talde ezberdinak joaten dira baserrira, eta horietan sagar prentsaketa ikusten dute.
Urriaren 12an, 14an eta 15ean, aldiz, antzezpenak egingo dituzte. Oraingoan, Amaia Ruiz de Galarretak eta Urretxu-Zumarrago Karmakros antzerki taldeak garai batean Igartubeitin bizi zen familia antzeztuko dute. Ugarteburu: “Hemen XVII. mendean bizi zen Kortaberria familia bezala janzten dira, eta garaiko lanak egiten aritzen dira; batzuk sukaldean, logelan beste batzuk…”.
10:45ean izango da saio bat, eta 11:15ean bestea. Amaitzean, 12:00etan dolarea martxan jarri aurretik, kirikoketa egongo da. “Sagarra jotzean ateratzen den soinua da kirikoketa, eta horren erakustaldia egiten dute. Sagarra dolarera bota eta kirikoketa zer den, zein erritmo eta nola egiten zuten lan ikusten da”.
Izena eman behar da 943 72 29 78 zenbakian edo igartubeiti@gipuzkoa.eus helbidera mezu bat bidaliz.