CAFen amiantoa kentzean «zerbaitek huts egin» zuela onartu du Osalanek
Enplegu sailburuordea Eusko Legebiltzarrean agertu da Beasaingo enpresaren hiru naberen itxiera eragin zuen gertakaria nola ikuskatu duten azaltzeko, eta datozen egunetan berriro irekitzea espero du.
Beasaingo CAF enpresan amiantoa kentzeko abuztuan egin zituzten lanetan «zerbaitek huts egin» zuen. Ondorengo hitzekin onartu dute Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuorde Elena Perez Barredok eta Osalaneko zuzendari nagusi Lourdes Iscarrek, gaur goizean Legebiltzarrean egin duten agerraldian: «Agerikoa da zerbaitek huts egin duela itxuraz zuzena den lan-plana izanda gorabehera bat gertatu bada». Argitu dute, amianto kutsatzearen berri izan zuten lehen unetik, Osalanek eta Laneko Ikuskaritzak lanean jardun zutela.
Legebiltzarreko talde desberdinek eskatuta eman dituzte argibideak. Behin baino gehiagotan esan dutenez, «abuztuaren 25etik aurrera, Sailak bi helburu bete nahi izan ditu: gertatutakoa ikertu, erantzukizunak argitzeko; eta amiantoa kentzeko eta garbitzeko lanak eta nabeen deskontaminazio lanak segurtasun eta osasun baldintza onenetan egiten direla bermatzea».
Laugarren dibisioko hiru nabe dira, zortzigarren nabean amiantoa kentzeko lanak burutu ostean, ingurumen neurketak legeak baimentzen duena baino handiagoa izateagatik itxi zirenak. Hilabete eta gero, hamarnaka langile dira beren lanpostuetara itzuli ez direnak. Sailburuordeak nabarmendu zuen «langileen osasunerako eskubidearen bermea ez dela enpresen betebeharra bakarrik, osasunean inbertitzea baizik, eta horrek, gainera, ondorio ekonomikoak saihesten dituela».
Prebentzio ordezkarien garrantzia
Perez Barredok eta Iscarrek baloratu zuten prebentzio-ordezkarien figurak enpresen segurtasun- eta osasun-sarean duen garrantzia. Izan ere, Osalanek, CAFen gertatutako amiantoaren kutsatzearen berri, Beasaingo enpresako prebentzioko ordezkari batek Osalaneko teknikari bati egin zion dei baten bidez jakin zuen.
Era berean, biek ala biek nabarmendu zuten Osalaneko teknikarien lana, «berehala jardun baitute bertan, kasu guztietan bezala. Dokumentazio guztia aztertu dute, enpresak langileen segurtasuna eta osasuna babesteko neurririk egokienak har ditzan».