Martin Garciak irekiko du Ordizientzia 2023 zikloa, etzi
Ostiralean, 19:00etan, 'Tesoros fotográficos del Goierri del siglo XIX en el Archivo General de Navarra' hitzaldia eskainiko du. Lemniskata Goierriko zientzia sare herrikoiak antolatu du 8. urtez jarraian zikloa.
Martin Garcia Lemniskata Goierriko zientzia sare herrikoiko kideak irekiko du, etzi, Ordizientzia 2023 zikloa. Tesoros fotográficos del siglo XIX en el Archivo General de Navarra hitzaldia eskainiko du Barrena Jauregian, 19:00etan. Berak idatzitako Lemniskata Kaierak bildumako 7. alea aurkeztuko du. Bailarako argazkirik zaharrenak erakutsiko ditu, eta hainbat argazki berri ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Lemniskatak 8. urtez jarraian antolatu du zikloa Ordizian. Urriaren 20an, berriz, Michele Modugno fisikari teorikoak Luz, colores y tecnología hitzaldia egingo du. Bertan argia eta koloreak zer diren eta fenomeno naturalen atzean dauden teoria fisikoak azalduko ditu, eta horiek nola aprobetxatu dituen fisika kuantikoak teknologia garatzeko. Hori ere Barrenan izango da, 19:00etan.
Ordu eta leku berean, baina urriaren 27an, Superbakterioak, ingurunetik ospitalera hitzaldia eskainiko du Itziar Alkorta kimikari eta biokimikariak.