Ordiziarrock jaialdiaren 20. urteurrena heltzear dago
Urriaren 19an, 20an eta 21ean izango da XX. Ordiziarrock jaialdia. "Urteurrenaren mailako kartela osatu" du antolakuntzak. Belako eta Delirium Tremens dira kartelburuak.
Aurtengo Ordiziarrock berezia izango da, 20 urte beteko dituelako jaialdiak. Bi asteburu barru, musikak hartuko ditu Ordiziako frontoia eta D’elikatuz aretoa. Urriaren 19an, 20an eta 21ean izango da XX. Ordiziarrock jaialdia. Ohi bezala, kontzertu guztiak doan izango dira. Antolakuntzak azaldu duen bezala, “urteurrenaren mailako kartela osatu” dute aurten. Belako eta Delirium Tremens taldeak dira kartel buruak.
Ordiziarrock musikarien lokal premiarengatik sortu zen. Entseguetarako lekuak lortzeko baliabideak eskuratzeko emanaldiak antolatzen hasi zen lantaldea, eta bide horretan, jaialdia antolatzen hasi ziren, bertako musika taldeei ikusgarritasuna emanez. Ikuspegi eta gaitasun ezberdinak uztartuta, garaira egokitutako proiektuak garatu dituzte urtez urte. Urte osoan egiten du lan antolakuntzak zuzeneko emanaldiak sustatzen, musika ekitaldi ezberdinak antolatzen, aholkularitza musikala ematen edota kontzertuen antolaketan laguntzen.
Ordiziarrock jaialdia hitzordu berezia bilakatu da herritar askorentzat, eta aurtengo kartelak ere musikazale ugari erakarriko ditu Ordiziara. Jaialdi egunak gerturatu ahala jakinaraziko dituzte ordutegiak.