Urretxuko gasolindegia negu hasieran irekiko dute
Autoak garbitzeko gunea izango du
Euskadi Low Cost enpresak Urkiola karrozeria zegoen lursailean gasolindegi bat irekiko du. Urretxuko historiako lehena izango da. Lanak abian dira eta gasolindegia abenduan edo urtarrilean irekitzea espero dute.
Euskadi Low Cost enpresako zuzendaria Unai Hurtado urretxuarra da. Enpresa bere aitak sortu zuen, Kataluniatik etorritako Pedro Hurtadok. «Bartzelonan jaio nintzen, baina 29 urte daramatzat Urretxun. Nire aita Arcelorren lan egitera etorri zen. Garraioan lan egiten zuen. Kamioiek gasolioa behar dute, ahalik eta gasoil merkeena lortzen saiatzen zen eta gasolindegia irekitzen bukatu zuen. Lehen gasolindegia duela zortzi urte ireki zuen, Gordexolan (Bizkaian)».
Egun, zazpi gasolindegi dituzte: Bizkaiko Gordexola, Berriz, Lemoa, Ortuella eta Basauri herrietan, Gasteizen eta Donostian. «Hasieran hiru bazkide ziren, horietako bat bizkaitarra zen eta inguru hura ondo ezagutzen zuenez, handik hasi ziren. Pixkanaka beste herrialdeetara zabaldu gara. Gasteizen gasolindegia irekitzeko aukera suertatu zen eta orain Gipuzkoan jarri dugu fokua. Urretxukoaren ondoren, Andoainen irekiko dugu. N-1 errepidean. Bizkaian beste bat irekiko dugu».
Urretxukoa neguan irekiko dute. «Hemengoak gara eta gure bulegoak hemen daude, Zumarragan. Hemen ere gasolindegia irekitzeko aukera ikusi genuen, ez baitago halako gasolindegirik zona honetan. Gertuen dugun kostu txikiko gasolindegia Bergaran dago. Lursaila toki onean dago, Urretxuko sarreran eta A-636 autobidetik gertu». 1.220 metro koadro ditu, Sarralde eta Irimo enpresen artean.
Gasolinaren eta gasolioaren prezioari dagokionez, gasolindegi arruntetan baino 15-25 xentimo merkeagoa izango dela dio. Horrez gain, auto elektrikoak kargatzeko aukera emango dute. 100 kilowatteko bi kargadore jarriko dituzte. Goierri garaiko bezeroak espero dituzte, bereziki. «A-636 autobideko erabiltzaile batzuk etortzea ere espero dugu».
Autoak garbitzeko aukera eskainiko dute. «Autoa eskuz garbitzeko hiru garbitoki, bi xurgatzaile eta auto garbitzeko makina bat egongo dira», aurreratu du. «Inguru honetan ez dugu norberak autoak garbitzeko aukerarik. Beasainera joan beharra dugu». Gainera, denda jartzeko aukera ere mahai gainean dago. «Beharbada denda txiki bat ere jarriko dugu, baina aurrerago».
Obra ez da erraza izan. «Lursail hau berezi samarra da. Berdindu egin behar izan dugu eta ondoren mendia eusteko orma altxatu. Zuloa egin dugu, depositua bertan sartzeko. Deposituak 100.000 litroko kabida du (60.000 litro gasolio eta 40.000 litro gasolina). Depositua estali ondoren, kanalizazioekin hasiko gara. Lan horrekin bukatzen dutenean, markesina eraikitzeari ekingo diogu».
Konpetentzia «gogorra» dutela dio. «Erregaien prezioa igo egin da eta kontsumoa jaitsi. Ekoizle handiei erosten diegu eta marjina txikiekin lan egiten dugu ekoizleen gasolindegi handiei aurre egin ahal izateko. Etorkizunari dagokionez, ez dago argi zer gertatuko den. Gure gasolindegiak ondo kokatuta daude eta hori da garrantzitsuena. Kontsumitzen dena salduko dugu».