Zurrumurruen kontrako bakarrizketa saioa egingo dute Urretxun
Urteroko moduan, Urretxuko Udalaren Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiak zurrumurruen aurkako ekintza eta formazio saioak antolatu ditu. Aurten, udalak aisialdian jarri nahi izan du fokua. Hori dela eta, Lamine Thior umoregile eta arrazakeriaren aurkako aktibista gonbidatu du. Españul bakarrizketa egingo du hilaren 26an, 18:00etan, Labeaga aretoan.
Thior Senegalen jaio zen eta Algecirasen (Cadiz, Espainia) hazi da. Workin Progress interpretazio eskolan trebatu zen aktore gisa eta Linbo Producciones elkartea sortu zuen, gizartean dagoen aniztasuna islatzen duen edukia sortzeko helburuarekin.
Españul ikuskizunaren bidez ikusleek arrazakeriaren inguruan hausnartzea nahi du. Ñul hitzak beltza esan nahi du wolof hizkuntzan.
Ikuskizunerako sarrerak bihar (osteguna) banatuko dituzte, 16:30etik 19:30era kultur etxean, doan. Pertsona bakoitzak lau sarrera hartu ahal izango ditu gehienez.