Antioko musikaldiari amaiera emateko, ikuskizuna
Antioko musikaldia ospatzen dute iraileko lehen asteburuetan, eta horri amaiera emateko Igartubeitin antzezlan bat antolatzen dute. Sagarrondo txintxo, sagarrondo on du izena aurtengo ikuskizunak, eta urriaren 7an izango da.
Kizkitza Ugarteburuk adierazi du, hala ere, aurtengoa ikuskizuna izango dela kontzertu bat baino gehiago.
Ikuskizun honetan lau pertsona nagusik hartuko dute parte: Garazi Etxaburu dantzariak, Urbil Artola gitarra jotzaileak, David Azurza konpositoreak eta Andoni Salamero poetak. Azken hau, gainera, goierritarra da; zumarragarra, hain zuzen.
Autobus zerbitzua ere bai
Datorren astean ospatuko duten sagardo astearekin harreman zuzena du ikuskizun honek, sagardoaren prozesu osoa kontatuko baitute ikuskizunean: sagarrondoa zaintzetik, sagarra bildu eta prentsatzeraino.
Irisgarritasuna bermatze aldera, gainera, autobus zerbitzua antolatu dute. Zumarragako Elizkaletik aterako da autobusa 17:30etan, eta Igartubeitira joango da zuzenean. Ikuskizuna 18:00an izango da.
Beste ekintzen kasuan bezala, aldez aurretik eman behar da izena, eta 943 72 29 78 zenbakira deituz edo igartubeiti@gipuzkoa.eus helbidera idatziz egin beharko da. Ugarteburuk adierazi du oraindik badagoela plazarik ikuskizun honetarako, eta urriaren 7a bera izango dela izena emateko azken eguna gehitu du.