Zaldibiako plaza festaleku bihurtuko da, bihartik jaira lehen ekinaldia ospatzeko
Etxekonekok aniztasun elkarteak jaurtiko du jai hasierako suziria, bihar. Larunbata mozorrotuen eguna izango da, eta igandea aniztasunarena. Datorren asterako, beste bi festa egun.
Zaldibiako urteko jai nagusiak bihar hasiko dira. Igandera arte garatuko dute egitarauaren aurreneko zatia, luzeena eta beteena. Azken urteetako bideari segika, hurrengo larunbaterako utzi dute kuadrillen eguna.
Kalejirarekin hasiko dira festak, ohi bezala. Olaldetik plazara bitartea Goiztiri txarangak, Txanbolintero txistulari taldeak, erraldoiek eta dantzariek girotuko dute. Txupina botatzeko ohorea Etxekonek aniztasun elkarteak edukiko du jarraian, udaletxeko balkoitik.
Haurren eguna ostiralean
Ostirala haurren eguna izango da. Bazkaria izango dute, plazan, eta jolasak ondoren. Barrakak euro batean edukiko dituzte, egun osoan. Gaztelupe pilota eskolako finalak ere jokatuko dituzte, baita gazteena ere.
Larunbata mozorrotzeko eguna izango da. Eguerdian aterako dira kuadrillak eta taldeak. Argazkia ateratzeko gunea prestatuko dute, plazan –kuadrillen egunean ere bai–.
Herri bazkari berezia izango da: munduko arroz motak prestatu eta jango dituzte. Norberak plazan egin dezake, edo etxetik eraman. Suak, sagardoa txotxetik eta ardoa udalak jarriko ditu. Sukaldatzeko izena gaurko eman behar da, Karreanen edo zaldibia.eus-en.
Aniztasunari ere lekua
Igandea Aniztasunaren eguntzat izendatu dute. Festa izango da plazan, Etxekonekok elkarteak antolatuta. Zaldibian bizi direnen kultura desberdinak, dantzak, kantuak eta janariak ikusi eta probatu ahalko dira.
Datorren asterako, kuadrillen egunaz gain, Xirika kultur elkarteak prestatutako tarteko eguna ere izango da, ostiralean. Bertso afaria jarri dute.
Urriak 5, osteguna. Santa Fe Bezpera
- 18:30. Kalejira Olaldetik plazara.
- 19:00. Txupinazoa, udaletxetik.
- 20:00. Mondeju dastaketa.
- 23:00. Bada Giro musika taldea.
Urriak 6, ostirala. Santa Fe eguna
- 11:00-13:00. Kulkiren jolasak.
- 11:45. Toka jokoa.
- 12:30. Mokadua, jubilatuentzat.
- Eguerdian. Miren Amuriza eta Unai Agirre bertsolariekin eta herriko trikitilariekin erronda.
- 13:30. Haurren bazkaria.
- 17:30. Iztueta taldearen dantza emanaldia.
- 18:30. Haurren eta gazteen pilota partidak, Resti frontoian.
- Iluntzean. Goierriko Maribatu batukada feminista.
- 23:30. Akerbeltz musika taldea.
Urriak 7, larunbata. Mozorrotuen eguna
- 12:00. Patxin eta Potxin pailazoen emanaldia.
- 12:00. Arroz prestatze herrikoia eta mozorrotuen bilkura.
- 14:30. Herri bazkaria: munduko arrozak (norberak plazan egin dezake, edo etxetik eraman).
- Ondoren. Andoni Ollokiegi musikari bakarlariaren kantaldia.
- 19:00. Xaukena elektrotxaranga
- 23:00. Los Zopilotes Txirriaos musika taldea.
- 01:30. Anixakik DJ.
Urriak 8, igandea. Aniztasun eguna
- 11:00. Txistularien goiz deia.
- 11:15. Haur, gaztetxo eta emakumeen sega saioa, Mugertzan.
- 12:30-14:30. Aniztasun Festa, postuekin eta emanaldiekin.
- 17:30. Haurren mozorro festa eta play-back kantaldia.
- Ondoren. Disko festak, Anixakik DJarekin.
Urriak 13, ostirala
- 17:00. Iago magoa.
- 19:00. Presoen aldeko bilkura.
- 19:30. Patata-tortilla lehiaketa.
- 21:00. Bertso afaria, Eneko Araiztegi eta Aratz Igartzabal.
- Gero. Abarka DJa.
- 01:00. Bingo girotua, txosnan.
Xirika kultur elkarteak antolatutako eguna
Urriak 14, larunbata. Kuadrillen eguna
- 11:00. Poniak, Olaldeko parkean.
- 13:00. Kuadrillen irteera, Jundajo txaranga eta argazki gunea.
- 14:30. Kuadrillen herri bazkaria, plazan. Txartelak herriko tabernetan salgai, urriaren 10era arte.
- Gero. Kuadrillen arteko jolasak eta kalejira Jundajorekin.
- 20:30-21:30. Trikidantz musika taldea.
- 23:30. Trikidantz taldea.