«Karikaturetan pertsonaren esentzia islatu behar duzu»
Josu Marotok (Urretxu, 1975) urte asko daramatza karikaturak marrazten. Urretxuarrak eta Unai Gaztelumendik karikatura erakusketa ireki dute Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean.
Nolatan sortu da egitasmoa?
Interneten mundu mailako erronka bat egin zuten: hilabete batean, egunero, antolatzaileek proposatutako pertsonaiaren karikatura egin behar zen. Estilo guztiak onartzen zituzten. Unai Gaztelumendi marrazkilari eta bertsolariak ere erronkan parte hartu zuen, elkarrekin harremanetan jarri ginen eta egindako lanak erakustea erabaki genuen. Sareetan erakutsitako lanak dira, baina pareta batean jartzeak beste grazia bat ematen dio.
Estilo ezberdinak dituzue.
Gu bion estiloak ezberdinak dira eta, beraz, pertsonaia beraren ikuspuntu ezberdinak eskaintzen ditugu. Unairen lanak oso deigarriak iruditzen zaizkit. Gurearen ezberdina denak beti erakartzen gaitu. Nire estiloa piktorikoa da eta berak diseinu aldera jotzen du. Marra zehatzak eta kolore lauak erabiltzen ditu.
Ze pertsonaia ikus daitezke erakusketan?
Nicole Kidman, Denzel Washington, Ryan Gosling, Pamela Anderson, Tina Turner, Robert Oppenheimer…
Beti gustatu al zaizu karikaturak marraztea?
Txiki-txikitatik. Jesus Zulet gustatzen zitzaidan. Haurra nintzenean Deia egunkarian marrazten zuen eta ondoren El Diario Vascorentzat lan egin zuen. Inspirazio iturri handi bat izan zen niretzat. Aitonak Deia egunkaria erosten zuen eta nik Zuleten karikaturak mozten nituen. Gordeta ditut. Bera ezagutzeko aukera izan nuen, gainera.
Zer dela eta erakartzen zaituzte horrenbeste karikaturek?
Nire ustez, karikatura bat egiteko pertsonaren esentzia aurkitu beharra duzu. Kontua ez da bere ezaugarriak puztea, baizik eta bere arimara iristea. Nire ustez, karikatura egitea erretratua egitea baino zailagoa da. Erretratuan ikusten duzuna islatzen duzu eta karikaturan sentitzen duzuna islatu behar duzu.
Nola landu duzu zaletasun hori?
2013an Vienara (Austria) joan nintzen karikaturaren inguruko konbentzio batera. Mundu mailako karikatura egile handiak elkartu ziren. Aurten, berriz, ABC egunkariak ilustrazio eta karikatura sari batzuk antolatu ditu eta nire lan bat aukeratu dute finalisten artean.
GoiBerri aldizkarirako karikatura asko egin zenituen.
Aldizkaria sortu zenetik iaz arte. GoiBerriren eskutik asko ikasi dut. Astero-astero karikatura bat egin behar horrek zure maila hobetzen laguntzen dizu. Egiten ikasten da.
Zuk esan bezala, karikatura ezaugarriak puztea baino gehiago da. Karikaturak ba al du merezi duen onespena?
Egia esan, ez dut uste onespen handia duenik. Karikatura erretratu psikologiko bat da. Kalean karikaturak marrazten dituzten horiek meritu handia dute.