Dantzan agurtu dute jaietako lehenengo asteburua zaldibiar gaztetxoek
Zaldibiako Santa Fe jaietako lehenengo astebruuari dantzan eman diete amaiera zaldibiar gaztetxoek, playbackarekin. Giro aparta jarri dute eszenatokitik.
Zaldibian ostegunean eman zieten hasiera Santa Fe jaiei eta konturatzerako, lehenengo asteburua pasa da. Egitarau zabala izan dute asteburu honetan zehar, afari, bertso-saio, emanaldi zein kontzertuz betea. Atzo, larunbata, egun potentea izan zuten, Los Zopilotes Txirriaos taldearekin eta arratsaldea girotzen Xaukena elektrotxarangarekin. Horrez gain, herri bazkaria ere izan zuten atzokoan eta egun osoa kalean, herri giroan, igarotzeko horietako jai eguna izan zen. Gaurkoan, aldiz, jaietako lehenengo asteburua agurtzeko unea iritsi da, bihar berriro jaietako burbuila horretatik atera eta bakoitza bere eginbeharretara itzuliko baita, datorren ostiralera arte.
Gaztetxoek dantzan eman diete agurra lehen asteburu honi, plazako eszenatokian egin duten mozorro festa eta playbackarekin. Denetariko abestiak eta dantzak izan dira. Txikienak izan dira lehenak oholtza gainera igotzen, 3 urtekoak. Hauek zapiak astinduz ibili dira oholtzan alde batera eta bestera, borobilean, Kantu Koloreren “Zapia” abestiarekin. Ondoren, 4 urtekoen txanda izan da, eta hauek, “Korro-korroan” abestia eskaini dute. Hala joan dira txikienetik handienera eta abesti desberdinak entzun ahal izan dituzte bertaratu direnek, hala nola, Bulegoren “Bueltan da”, En Tol Sarmiento taldearen “Abuela maitea” eta “Itzali argia”, Su ta Gar-en “Mari” edota “Lokaleko leihotik” abesti ezaguna.











