Barrenako jolas parke berria erabilgarri dago jada
Estalitako jolas parke baten beharretik sortu zen proiektua. Aurreikusitakoa baino gehiago iraun dute lanek beharrezko materialarekin atzerapenak izan dituztelako. Atzotik dago erabilgarri.
Barrena parkeko jolas parke berria erabilgarri dago jada, atzotik. Gaur aurkeztu du udalak eremu berria. Jolas eremua osorik aldatu dute, espazio berrituekin, eta estalkia jarri dute. Estalkiaren lanak Iparragirre Eraikuntza Lanak SL enpresak egin ditu eta aurrekontua 317.534 eurokoa izan da. Jolas eremua, berriz, K1 Ekopaisaia SLL enpresak egin du eta aurrekontua 94.801 eurokoa izan da.
Maiatzean hasi zituzten lanak, eta ekainerako amaitzea aurreikusi zuten hasieran. Aurreikusitako epea luzatu egin da, baina, atzerapenak izan dituztelako beharrezko materiala jasotzerakoan. “Barkamena” eskatu du udalak atzerapenengatik. “Halere, gaurkoa egun handia dugu parke berriaren eremua zabaldu dugulako eta herritarrek gozatu dezaketelako”, adierazi du Adur Ezenarro alkateak.
Parte-hartze prozesu bat egin zuen udalak parkeen inguruan zeuden beharrak ezagutzeko. Ordiziako parkeen sarearen mapa egin zuten, parke bakoitzaren ezaugarriekin. Estalitako jolas parke baten gabezia nabari zuten parte hartu zuten herritarrek, eta gabezi horretatik sortu zen parke berriaren proiektua. “Ondorio garbi bat atera zen: Barrenako parke hau dela Ordiziako parke zentrala, herri guztiarentzat funtzionatzen duena, eta badaudela beste batzuk auzo izaera dutenak edo erabilera espezifikoagoa dutenak. Horregatik erabaki genuen eremu hau berritzea”.
Estalitako guneak
Ordizian badaude estalitako bi jolas eremu nagusi: frontoia eta Plaza Nagusia. Estalitako parkerik ez zegoen, ordea, eta Barrenakoa izango da lehenengoa. 0-6 urte arteko haurrei zuzenduta dago. Jolas eremu naturala da, ingurune erdi-natural batean egoteaz gain, parkeko jokoetarako material naturalak lehenetsi dituztelako. Irisgarritasuna ere bermatu dute eremu berriarekin.
Bigarren fase bat falta da oraindik. Parkearen ondoan, estalkitik kanpo, jolaserako beste elementu bat jarriko da eta horrekin eremu osoa amaituta geratuko da.