Uda beteko ‘santafeak’
Beroa, plaza-giro alaia eta batik bat larunbat jendetsua izan dira Zaldibiako jaietako lehen asteburuaren ezaugarri batzuk. Laurehun herritar baino gehiago mozorrotu dira. Xirika elkarteak antolatutako ekitaldiak (ostirala) eta kuadrillen eguna (larunbata) geratzen dira hurrena.
Sanjoanak ez zirenik gezurra zirudien. Zaldibiako Santa Fe jaiak, udazkenean ondo sartuta diren arren, bero galdak zipriztindu ditu, lehenengo ekinaldi luzean. Ostegunean, Etxekonekok elkartekoek egin zuten pregoia, kalejiraren ondoren. Aurreko astean egindako irrintzi ikastaroan ibilitakoak ere animatu ziren agerralditxoa egitera, ostegunean. Goiztiri txarangak musikatu zuen hasiera; iaz festetan berreskuratu zuten taldea, eta aurten Gazte Festetan eta Txamarretxe auzoko festan jo ondoren, jai nagusian ez du hutsik egin.
Mondeju zuri preziatuak erakarri zuen lehen jende oldea. Beheko Karnizeriak egindako hestebetearen 110 kilo zerbitzatu zituzten, hiru ordu laurdenean, istant batean. Ramon Sukia arduratu zen prestatzeaz, egun guztian egoten edukita.
Mozorrotzeko ohitura, gorantz
Ostiralean, Kulkik gidatu zituen haurren jolasak, baserri munduan girotuta: hankapaloekin, koskol biltzen, txinga eramaten… aritu ziren. Eta itzal bila. Egundoko beroa egin du, orokorrean, jaietako lehen lau egunetan, eta eguzkiak bizi jo du. Santa Fe kalea zirkulazioari itxi, eta udaletxearen gerizpea bilatu behar izan dute jolaserako. Jubilatuen hamaiketakoa, eta bertsolarien nahiz herriko trikitilarien kalejira. izan ziren; plazan hasi, jubilatuenean saioa egin, haurren jolas parkea bisitatu, eta kaleko lau tabernetan jarraitu zuten bertso-triki poteoa.
Iztueta dantza taldeak eta Gaztelupe pilota eskolak ere hornitu dituzte jaiak, bakoitzak beretik. Ostiral gauean, Akerbeltz taldeak gaur egungo eta lehenagoko kantuen bertsioekin alaitu zuen plaza. Gustatu zen.
Larunbatean, mozorrotuta 28 talde irten ziren. Denera, 410 bat herritar, udalaren zenbaketaren arabera. Lehen asteburuaren zentralitatea hartu du ohitura horrek. Eguneko festa betea izan zen, eguerdian hasi eta eguna nahi edo ahal adina luzatuta. Andonegi Ollokiegik artistatasuna erakutsi zuen, beste behin, kantaldi koloretsua eginda.
Urretxu-Zumarragako elektrotxarangak eta Zopilotes taldeak borobildu zuten larunbata. Jendetza bildu zen, herritar gehien egun horretan bildu zelako –osteguna eta ostirala lasaiagoak izan ziren–, eta kanpotik samaldan joan zelako gazteria.
Astebururako, gehiago
Igandean, sega saioa haur, gaztetxo eta emakumeek egin zuten, Mugertzako zelaietan. Helduak eta gazteak Hernanin ariko dira larunbat honetan, Almitzak antolatutako Euskal Herria-Austria desafioan.
Etxekonekok Aniztasun Festa antolatu zuen, plazan. Bertsoak, herrira etorritakoen kantak, poesia irakurketa eta Ekuadorko dantzen emanaldia izan ziren, Zaldibian bizi den ekuadortar batek eta haren lagunek gauzatuta. Herrian presentzia duten herrialdeetako jakiak dastatu ahal izan ziren. Umeen mozorro festan HH eta LH zikloetakoek gozatu zuten arratsaldean, taldeka kantu bana dantzatuta.
Ez dira festak agortu, ordea. Larunbatean kuadrillen eguna ospatuko dute. Ostiralean, berriz, Xirika elkarteak ekitaldi batzuk jarri ditu, bitartea mozteko.
Asteburuko egitaraua
Ostirala, urriak 13. Herria Xirikatuz eguna, Xirika elkarteak antolatuta
- 17:00. Iago magoa.
- 19:00. Presoen aldeko elkarretaratzea.
- 19:30. Patata tortilla lehiaketa. Txartelak Joxepanen (5 euro)
- 21:00. Afaria eta ondoren bertsolariak: Eneko Araiztegi Korta eta Aratz Igartzabal Potto.
- Ondoren. Abarka DJa.
- 01:00. Bingo girotua, txosnan.
Larunbata, urriak 14. Kuadrillen eguna
- 11:00. Poniak, Olaldeko parkean.
- 13:00. Kuadrillen irteera, Jundajo txarangarekin. Argazki gunea.
- 14:30. Kuadrillen bazkaria, plazan. Txartelak tabernetan.
- Ondoren. Kuadrillen arteko jokoak eta Jundajorekin kalejira.
- 20:30 eta 23:30. Trikidantz taldearekin erromeria.