«Hori zen helburua, kopa irabaztea»
Mendi Lasterketen 2023 lineako Euskal Herriko Kopako txapelketa irabazi du Beñat Katarainek (Lakuntza, Nafarroa, 1989). Zortzi lasterketak osatzen dute kopa, eta bost korritu ditu orotara. Bi etapa irabazi ditu, eta bigarren geratu da beste batean. Zegaman bizi da.
Euskal Herriko Kopa jokatu da aurten. Zortzi etapak osatzen dute lehiaketa hau: Kolazino, Kilimo, Bera, Kanpetzu, Irati, Amurrio, Bidarrai eta Askain. Erregularrena Zegaman bizi den Beñat Katarain izan da 447 punturekin.
Zer egiten da Euskal Herriko Kopan lehenengo postua lortzeko?
Lasterketa guztiak korritzea zen nire intentzioa, baina zorte txarra izan nuen eta uztailean lesionatu egin nintzen. Azken bi lasterketak ezin izan nituen korritu.
Azken biak zein dira, Bidarrai (Nafarroa Beherea) eta Azkaine (Lapurdi)?
Hori da. Kanpezun ere ez nuen korritu. Zegama baino astebete lehenago zen, eta Zegama lehenetsi egiten dut.
Zein izan da zure ustez Euskal Herriko Kopako lasterketa errazena eta zailena?
Ez dago lasterketa errazik edo zailik. Denak du berea. Gorputz guztiek gorabeherak izaten dituzte; gorputz batean ondo joan daitekeena, beste batean ez. Ondo gestionatu behar da dena.
Parte hartu duzun beste lasterketei dagokienez, ze sentsazio izan zenituen?
Lehenengoa, Kolazino lasterketa entrenamendu modura hartu nuen; lehiaketa gisa ere bai, noski, baina batez ere entrenatzeko. Zegama zen nire helburua, eta maila on batean iritsi nahi nuen lasterketa horretara. Emaitza, ondorioz, ez zen izan atera zitekeen onena, baina ondo atera zen hala eta guztiz ere. Puntuazioa ona izan zen. Gero, Bera (Nafarroa). Hura ondo egin nuen, eta Iratikoan ere atera nintzen. Zegamako lasterketaren ondoren izan zen lasterketa hura, eta forma galtzen hasita nengoen. Zegama ondoreneko forma aprobetxatu nahi nuen. Nire helburua urte amaierara ondo iristea zen, eta deskantsatu ere egin nuen. Hala ere, berriz martxan jarri nintzen Kanpezun. Bero ikaragarria egin zigun, eta hor entrenamenduak igotzen hasi ginen, eta atera zen atera zena.
Irailaren 23an igo zinen podiumera, Azkainen.
Bai. Hori kopako azken lasterketa izan zen, eta agertu beharra genuen sariak jasotzeko. Ezin nuen korritu, eta korrikalariak animatzen aritu nintzen.
Podiumera igotzean ze sentsazio izan zenituen? Espero zenuen lasterka aurretik horra iristea?
Tira, hori zen helburua, kopa irabaztea. Matematikak ere ondo atera zitzaizkidan, eta nahikoa puntu lortu nituen aurreko lasterketetan. Gutxi gora behera denak ezagutzen gara eta badakigu nola ibiltzen garen; ondorioz, banekien noren aurka borrokatu behar nuen puntuak lortzeko. Amurrion korritu nuenean gutxi gora behera erabakita zegoen postua.
Maila honetan mantentzeko nola entrenatzen da?
Entrenatzaile bat daukat. Nire helburuak zein diren esaten diot, eta hark programatzen dizkit entrenamenduak. Dena estudiatuta dago.
Karrera mundu honetan betidanik ibili zara?
Mendi lasterketetan duatloietan nenbilen momentu batean hasi nintzen. Izatez lakuntzarra naiz, eta han karrera bat antolatu zutela ikusi nuen. Parte hartzea erabaki nuen. Mendian ondo moldatzen nintzela ikusi nuen orduan, eta eboluzionatzen hasi nintzen. Gero bost urteko etenaldi bat izan nuen, eta berriz itzuli nintzen mendi lasterketetara. 2015etik orain arte mendi lasterketetan ibili naiz.
Kirol munduan mahai gainean dagoen zerbait da presioa. Ondo maneiatzen duzu hori?
Karrerako nerbio eta presiorik ez dut izaten. Zentzu horretan ondo moldatzen naiz. Lasai joaten naiz, lanera joatean bezala. Zaletasun bat da niretzat. Kirola gustatzen zait badakidalako norbaitek irabazi badit badakidalako ni baino hobea izan dela, ez beste ezer. Onartu egin behar da, eta listo. Uneoro dakit zein den nire lekua.
Orain zauden mailan ikusita, zaila izan da horretan mantentzea?
Kirol honetako prozesua ez da egunez egunekoa; urteetako lana baizik. Batzuk badaude talentu asko dutenak, eta horiek gutxirekin nahikoa dute. Baina nire kasuan urte luze askotako lanaren emaitza izan da; asko entrenatu dut.
Baduzu ilusio espezialik egiten dizun karrerarik korritzeke? Zein da zure helburua?
Sevillako (Espainia) maratoia da nire hurrengo helburua. Lasterketen kasuan, ilusioa egiten zidaten guztietan atera naiz. Aurten korritu dut ilusioa egiten zidana. Aspaldiko urteetan begia botata nuen lasterketa horretan atera nintzen, eta orduantxe lesionatu nintzen, pentsa. “Hobe nuen joan ez banintz”, esaten nion gero nire buruari.