Biziola Azoka Aramara iritsiko da asteazkenean
Asteazkenero bertako eta era jasangarrian ekoiztutako produktuak salgai jarriko dituzte, 17:00etatik 17:30era, Iriarte aretoko arkupeetan. Asteazken honetan izango da lehen eguna.
Biziola Azoka Aramara ere iritsiko da aurrerantzean. Zehazki, asteazken honetatik aurrera izango da Biziola kooperatibaren azoka ibiltaria herrian. Gaur egun, Ataunera, Gabiriara, Segurara eta Mutiloara eramaten ditu produktuak kooperatibak, eta etzitik, Aramara. Araman dendarik ez dagoela kontuan izanda, herritarrek bertako produktuak herrian bertan erosteko aukera izango dute.
Biziola kooperatibaren helburua da herritarrei bertako eta era jasangarrian ekoiztutako produktuak eskaintzea, eta horiek Goierriko ahalik eta txoko gehienetara eramatea. Araman, Biziola Azoka asteazkenetan izango da, 17:00etatik 17:30era, Iriarte aretoko arkupeetan. Bertan oinarrizko saskia osatzeko elikagaiak egongo dira: esnekiak, ogia, fruta, barazkiak, pasta, kontserbak, edariak, olioa…