Francisco Areso konposatzaile lazkaotarraren musika eta bizitza ezagutaraziko dute Lazkaoko zikloan
Hitzaldi-solasaldia antolatu dute ostegunerako. Udazkeneko V. Musika Zikloaren hasiera izango da. Igandean, Aresoren musika kontzertuan ezagutaraziko dute orkestra, koru eta bakarlariek.
Francisco Areso Tolosa musikaria eta konposatzailea zein zen hobeto ezagutzeko aukera izango da, aste honetan, Lazkaon. Udazkeneko V. Musika Zikloaren zati bat herritar historiko horri eskainiko diote. Haren bizitzaz gehiago jakiteko hitzaldi-solasaldia eta musika entzuteko kontzertua antolatu dituzte, besteak beste.
Ostegunean, urriak 19, izango da hitzaldi-solasaldia, 19:00etan udaletxeko batzar aretoan. Nerea Muruamendiaraz lazkaotar irakasleak –Nafarroako Unibertsitateko irakasle izana da– Aresoren figuraz eta musikaz hitz egingo du. Kantaka abesbatzaren zuzendari Javier Alberdik ere hartuko du hitza, batez ere igandeko kontzertua aurkezteko. Iñaki Sanchez lazkaotar organista gazteak Aresoren obra jorratuko du, eta Belen Maizak kontestu historikoan kokatuko du haren bizitza.
Aresoren bizitza ezagutarazteaz gain, lazkaotarrek ere hitzaldian parte hartzea nahi dute, eta hura ezagutu zutenek –1954an hil zen– harekiko oroitzapenak edo pasarteak kontatzea. “Lazkaon Areso Kalea denek ezagutzen dute, baina benetan zein izan zen, inork gutxik”, esan du Javier Alberdik. Gabezia hori asetzeko baliagarri izango da Udazkeneko Musika Zikloa.
Areso Lazkaon organista eta solfeoko irakasle izan zen. 1872ko maiatzaren 4an jaio zen. Auñamendi entziklopediaren arabera, musika ikasten Bergaran (Gipuzkoa) hasi zen, eta Bartzelonan jarraitu zuen, Enrique Morerarekin. Iruñeko Orfeon Pamplones abesbatzako kide izan zen. Konposatzaile modura, musika erlijiosoa eta folklorikoa jorratu zituen. Ahots misto eta organoarentzat lau bozetara requiem meza bat, Regina Coeli meza, Abenduko gabon abesti sorta, eta Edertasun nahiz Lorea izenpean kantu bildumak nabarmentzen dira.
1900ean, beste autore askoren artean, Erri-Abestiak liburuan argitaratu zituzten Arerosen sorkuntzak. Hiru ahotsetarako euskal kantu herrikoien bilduma zen. 1906an, Kataluniako Orfeó Cataláren III. Konposizio Lehiaketa irabazi zuen Aresok.
1936ko gerraren ondoren, errepresio frankista jasan behar izan zuen. Gerra aurretik, EAJren Batzokian afiliatuta egotea eta 1933 arte alderdiaren herriko zuzendaritza batzordearen lehendakari izatea zigortu zioten 1942an, Nafarroako Ardura Politikoen Auzitegiak 1.000 pezetako isuna jarrita. Lazkaon Areso kaleak gogoratzen du musikari eta konposatzailea, gaur egun.
Kontzertua, igandean mojetan
Musikariaren bizitza ezagutu ondoren, Aresoren musika entzuteko aukera ere eskainiko dute. Igandean, urriak 22, moja zistertarren komentuko elizan 19:00etan kontzertua izango da. Bi zati izango ditu. Aurrenekoan, Aresok konposatutako Gure jauna (zortzi motete edo piezako konposizioa, koru mistorako eta organorako) eta Lorea (organoa eta abeslari bakarlaria) lanak interpretatuko dituzte. Ana Otxoa sopranoa eta Iñigo Vilas tenorea izango dira bakarlariak.
Bigarren zatian, Felipe Gorriti tolosarraren (Uharte Arakil, 1839–Tolosa, 1896) Meza Sol-en kontzertua joko eta abestuko dute. Hari tresnen eta tronpen orkestra, Lazkaoko Kantaka eta Ormaiztegiko Urmaiz abesbatzak, eta Otxoa eta Vilas abeslariekin batera Josu Ieregi baritonoa ariko dira. Denen zuzendari, Javier Alberdi.
Udazkeneko Musika Zikloan hurrengo astean segituko du, beste bi kontzerturekin. Urriaren 27an, ostirala, Arerian 20:00etan, Aita Sorozabalen Bihotz bat kontzertua izango da. Iñaki Salvador piano jotzailea (Mikel Laboarekin urtetan ibilia, jazz munduan ospeduna), Olatz Saitua sopranoa eta Ainhoa Zubillaga mezzosopranoa ariko dira.
Azkenik, urriaren 28an, larunbata, Suhar abesbatzak kantaldia egingo du, Arerian 20:00etan. Ahots grabeen korua da, Euskal Herri guztiko abeslariek osatutakoa. Esteban Urtzelai oñatiarra du zuzendari, Donostiako Orfeoiaren zuzendaria izana eta gaur egun Espainiako Koru Nazionalaren zuzendariorde dena. Suhar taldeak hurrengo astean Tolosako Abesbatza Lehiaketan parte hartuko du, eta aurretik Lazkaon emango du erakustaldia.