Goierritarrek Ogiaren Munduko Egunarekin egin dute bat
Garin eta Endaia okindegiek hartu dute parte 'Artisau ogia guztion esku' kanpainan. Ekimen horrek tokiko produktua eta kalitatezko ogia aldarrikatzea du helburu.
Gipuzkoa Okinak Artisau ogia guztion esku kanpaina abiarazi du, eta 27 okindegik egin dute bat egitasmoarekin; horien artean Ordiziako, Urretxuko, Zumarragako eta Legazpiko Garin eta Endaia okindegiak daude.
Ekimen berri honek tokiko produktua eta kalitatezko ogia aldarrikatzea du helburu, eta artisau okindegien kalitatea nabarmendu nahi du. Gainera, hurbileko merkataritza babestearen garrantzia azpimarratzeaz gain, Gipuzkoa Okinak elkartea osatzen duten okindegiek bezeroen fideltasuna eskertu nahi dute, eta zozketa bat antolatu dute horretarako. 135 irabazle egongo dira, eta bakoitzak aste bateko ogia doan izango dute. Urriaren 22ra arte zozketan parte hartu ahal izango dute Gipuzkoa Okinak elkarteko saltokietan kontsumitzen dutenek.
Atzo, gainera, Ogiaren Munduko Eguna izan zen, eta doako ogi dastatzeak eskaini zituzten okindegiek. Juanjo Garin Garineko ogi egilea: “Ogiaren Nazioarteko Eguna eta Elikaduraren Nazioarteko Eguna ziren atzo, eta biak egun berean izatea garrantzitsua da niretzat, mundu mailan ogiari garrantzia ematen diogula esan nahi baitu horrek”.
Alazne Plazaolak, bestalde, Urola Garaiko Endaia okindegiekin egiten du lan, eta ekimen honen bidez ondo elikatzea aldarrikatu nahi du: “Askotan merkeagoa da gaizki jatea ondo jatea baino, jaki ultra prozesatuak ekologikoak baino merkeagoak baitira”. Garin ere bat dator Plazaolak esandakoarekin: “Ogiak ez du sabelean gaitzik sortzen, beraz, ogitegi txiki bezala gomendatuko nuke behin kontsumitzen hasita produktu ona kontsumitzea, bakoitzak ahal duen neurrian, noski”.
Kanpaina honen beste helburuetako bat merkataritza txikia sustatzea da, “fabrikatzaile handien ogi ekoizpen masiboak kalte handia egiten baitio”. Horren harira, Plazaolak eta Garinek argi daukate ogi artisaua eta kate handietan saltzen dena ez direla ogi berdina. Plazaolak dio multinazionaletako ogiak “guztiz automatizatuak” direla, eta gehigarriak erabiltzen dituztela beti ogi erregular bat izateko. “Irinak ez du egunero ur kantitate berdina absorbitzen eta hori oratzaileak ikusten du; horren arabera ur gehiago edo gutxiago jartzen dio. Hotz gehiago egiten badu, legami gehiago behar da, eta horrela gauza askorekin. Guzti hori guk eskuz egiten dugu, eta beste enpresetan, aldiz, automatizatuta dago”. Garin: “Nik langileak ditut; makinak ere bai, baina behar ditudanak soilik. Gauza asko eskuz egiten ditugu, eta horretarako langileei soldatak ordaindu behar dizkiogu. Hori mantentzeko nik ogiari prezio bat jarri behar diot; ez da ni aberatsagoa egiteko.
Ogiaren moda aldatu egin dela hizpide izan du Plazaolak: “Lehen lan fisiko gehiago egiten zen eta ogi gehiago jaten genuen. Orain dela 20 urte agian pertsona batek 100 kilo ogi jaten zituen urtean, eta, orain, 30 kilo. Kontsumoa asko jaitsi, da baina bizimodua eta lana ere aldatu egin dira. Orain gainera garrantzia gehiago ematen zaio estetikari. Jendeak gutxiago kontsumitzen du”.