Sexualitatea lantzeko tailerrak egingo dituzte Zegaman
TrebaGazteak ekimeneko hiru saio egingo dituzte Zegaman, sexualitatea lantzeko asmoz. Sexkuntza: Nolakoa da nire sexualitatea? ikastaroa Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak eta Gipuzkoako Udalek elkarlanean antolatutako gazteentzako doako prestakuntza eskaintza da.
Zegamaren kasuan, 18 eta 30 urte arteko pertsonentzat daude bideratuta saioak, baina taldeak osatuko ez balira 17 edo 16 urtera jaitsiko dute gutxieneko adina. Azaroaren 3an, 17an eta 24an izango dira hitzorduak; ostiraletan, denak, 17:30etatik 19:30etara, eta Eider Goibururen gidaritzapean izango dira. Antolatzaileek ikastaroko plazak mugatuak direla adierazi dute; ondorioz, izena liburutegia@zegama.eus helbidean eman beharko da.
Gipuzkoako Foru Aldundiak ikerketa bat egin ostean ikusi zuen gazteek bizitzan moldatzeko oinarrizko gaitasunetan gabezia edo hutsune nabarmenak dituztela, eta gaitasun horiek funtsezkoak direla bizitzako etapa honek bereizgarri dituen aldaketei aurre egiteko eta erabakiak hartzeko. Horren harira, beraz, arlo ezberdinetako ikastaroak antolatu dituzte: osasun mentala, suizidioa, sexualitatea, ludopatia…
Programa horien asmoa gazteen emantzipazioko, garapeneko eta hazkunde pertsonal eta kolektiboko prozesuak sortzea eta finkatzea da. Prestakuntza saioak focus group metodologiaren bitartez diseinatu dituzte, Gipuzkoako 50 gazte baino gehiagoren iritzia kontutan izanda. Gainera, programan parte hartzen duten udalek inkestak zabaldu dituzte herritarren iritziak jakiteko. Behin emaitzak jasota, gazteentzat “interesgarriak eta beharrezkoak” diren gaien inguruko eskolak antolatu dituzte; sexuaren ingurukoa, kasu.
Ainitze Azurmendi Zegamako udaleko gaztedi sustatzailea da, eta kontatu du Zegaman duela 3 urte hasi zirela saio hauekin. Hala ere, gazteei zuzendutako ekintzetan gabezia sumatu zutela aipatu du: “Konturatu ginen gazteen ahalduntzean eragingo duen ia ezer ez zela antolatzen; beraz, hemengo gazteei gaien katalogoa erakutsi genien eta haien intereseko gaiak zein diren galdetu genien”.
Zegaman orain arte egin dituzten saioak emozioaren ingurukoak izan dira, eta aurten, herrian, sexualitatearen gaia eragile ezberdinekin lantzen ari direnez, “egokia” iruditu zaie gazteekin ere lanketa bat egitea. Eskoletan zein gurasoekin lantzen dute gai hau, eta gazteekin egitea erabaki dute oraingoan.
Gaztelekuan ere, lanketa
Azurmendi: “Sexua oso gutxi landutako gai bat da gizartean, eta interesgarria da lanketa bat egitea. Goibururekin behin ikastaro bat egin nuen, eta begiak zabaldu zizkidan. Horren harira, pentsatu nuen herriko eragile ezberdinekin gai hau lantzea gozamena izango litzatekeela. Ikastaro hauen bidez gaiarekiko gerturapen bat lortzen da; funtsean, sentsibilizazio saioak baitira”.
Bele Gazte gaztelekuan, esaterako, sexualitatearen txoko txiki bat eraiki dute, eta “arrakasta izugarria” izan du. Gaztelekuaren barruan egin duten txoko fisiko bat da, eta sexualitatearekin harremana duten liburuak, jolasak eta bestelakoak dituzte. “Nerabeek lasaitasun osoz gurekin edo beraien artan sexualitatearen inguruan lasaitasun osoz hitz egitea da txoko honen helburua”, gehitu du Azurmendik.