Haurren beldurrak alboratzeko, 'Hip hip urri' egitasmoa
Hip Hip Urri! sormen tailerra egingo dute Idiazabalen, ostiralean. Bi saio egingo dituzte, bata 17:00etan eta bestea 18:45ean, plaza nagusian eta gerturatzen ari den Gau Beltza izango da aurtengo gaia. Tailerra Ikertze Kultur Elkarteak antolatu du.
Hip hip Urri egitasmoa familiei bideratutako tailerrek osatzen dute: “Haurrek eta nagusiek elkarrekin lan egitea da helburua, baina betiere artearen bidez”, dio Nuria Fernandez Ikertzeko langileak. Fernandezek dio Halloween-en inguruan eskaera asko jasotzen dituztela, eta horiek kontuan hartuta, Euskal Herriko ohiturak berreskuratze aldera, Gau Beltza landuko dute ostiralean.
Edurne Imaz Ikertzeko arte terapeuta da, eta hark gidatzen du tailerra. Aurtengoan, haurren beldurrak, heriotza, kezkak… landuko dituzte. 5 eta 12 urte arteko haurrei dago zuzenduta tailerra, eta lehenengo zatian bertaratu diren guztien arteko elkarrizketa bat sortzen da; horretarako, kalabaza bat erabiltzen dute. Donostiako Jakintza Ikastolako irakasle batek gaiaren inguruko bertso batzuk idatzi ditu, eta horiek abestu ondoren hasten da bertaratutakoen arteko elkarrizketa saioa.
Behin lehenengo zatia amaituta, alderdi artistikoa jorratzen hasten dira, eta aurten familia bakoitzak Herio bat sortu beharko du. “Haurren sormena landu nahi dugu tailerraren alderdi honekin. Umeentzat diren tailer gehienak oso egituratuta egoten dira, eta hori da guk nahi ez duguna. Haur bakoitzak nahi duena sortzea da helburua, inork zer sortu behar duen esan gabe”, gehitu du Fernandezek. Gainera, belaunaldi ezberdinen arteko pertsona artean egiten dute lan.
2013an hasi ziren Hip hip urri egitasmoarekin; aurtengoa, beraz, 10. urtea da. Hasiera batean Gipuzkoako familiei bideratutako eta doanik ziren eskaintzak biltzen zituen Ikertzek, baina urteen poderioz aldatzen joan da lan egiteko modua, eta gaur egun Donostiako Udalaren eta diputazioaren laguntzarekin egiten dituzte tailerrak. Tailer hauek urrian egiten dituzte urria delako kulturaren eta haurren hilabetea. 2013tik, astebururo egiten dituzte tailerrak.
Ostiraleko saioetan parte hartzeko izen ematea derrigorrezkoa da ikertze@ikertze.net helbidean edo 943 31 04 61 zenbakian. Urriaren 28an Beasainen egingo dituzte beste bi saio.