Lazkaoko Aho Lehor Fest jaialdian lau punk-rock taldek joko dute
Aho Lehor musika jaialdiaren hirugarren ekitaldia larunbat arratsean izango da, Lazkaon. Lau punk-rock taldek joko dute, tartean euskal historiko Nuevo Catecismo Catolicok eta Les Lullies frantziar entzutetsuek.
Aho Lehor jaialdia sustraiak botatzen ari da. Ohiko garaitik kanpora bada ere, aurtengo ekitaldia, hirugarrena guztira, larunbatean ospatuko dute, Lazkaon. Ekainean egiteko aurreikusi zuten herriko musikazale antolatzaileek, berez. Baina antolaketa arazo batzuk tarteko, udazkenera atzeratu, eta taldeko partaide batzuk kanpotik itzuli arte itxaron behar izan dute. Ordiziarrockekin bat egingo du, hala nahi izan gabe. «Gure asmoa da ekainean antolatzen segitzea da», aurreratu dute antolatzaileek.
Kontzertuak larunbatean 19:00etan hasiko dira, eskola ondoko skate parkean. Rockaren aldaera eta korronte ugarirekin elikatuko dute, beste behin, menua. Sarrera doan da.
Bilboko Cuero taldea hasiko da. Vulk taldeko bi kidek eta beste lagun batek osatzen dute. Ondoren, Lekeitiotik (Bizkaia) Zikin igoko da. «Gaur egun, estatuko HC-punk talderik indartsuenetakoa da. Gazteak dira. 20-25 minutu jotzen dute, baina hogei metroko olatu bat bezalakoak dira, oso onak», aurreratu du antolakuntza taldeko Aitor Artzak.
Bi talde, disko banarekin
Les Lullies frantziar taldearen txanda izango da hurrena. Punk rock eta garage arloan «Europan dagoen talde indartsuenetako bat» dira. Montpellierretik datoz, eta disko berria aurkeztuko dute: Mauvaise foi. «Kantu baten izena da, eta egundoko arrakasta eduki du».
Les Lullies ekartzea ez dela erraza izan azaldu dute antolatzaileek. Nazioarteko mailara jauzi egin du jaialdiak, horrela.
Azkeneko platera, ezagun zahar batzuentzat gordeko du Aho Lehor Festek. Donostiako Nuevo Catecismo Catolicok itxiko du jaialdia. Zuzenean grabatutako diskoa aurkeztera etorriko dira, eta bertan egongo da erosgai.
Lehen saioa 30.000 pezetan
Izatez, bigarren aldia du Nuevo Catecismo Catolicok Lazkaon joko duena. Donostian 1992an sortua, 30 urteko ibilia gaindituta daukate estatu mailako punk-rock eta hard-rock soroetan. Lehen diskoa 1993an argitaratu zuten, eta harrezkero hamabost lan badituzte merkaturatuta.
Lazkaon 1994an jo zuten, orain hurrena. Gazte asanbladak antolatutako kontzertu batean izan ziren. «30.000 pezeta kobratu zuten orduan, eta Gerrikon egindako ogitarteko batzuk», oroitu du Artzak. Ibilbide luze eta oparo bati egindako errekonozimendu gisa, «garbi geneukan eurek izan behar zutela kartel buru».