Mendiz mendi, iruditan
Arrastaka Mendi Taldeak eta Aizkorri Mendizale Elkarteak urtean zeharreko jardueran ikus-entzunezkoen emanaldia egingo dute, gaur, Usurbe Antzokian. Beasaingo Mendi Festibalaren hirugarren saioa izango da.
Etxeko bi mendi elkarteen eguna izango da gaur Beasaingo Mendi Festibalaren barruan. Elkarte bakoitzak bere nortasuna du, eta horixe da ikus-entzunezkoek erakutsiko dutena, urtean zehar egiten dituzten jardueren bidez. Bi elkarte, bi ikus-entzunezko, eta izenburu bat; Jardueraz betetako urtea mendian.

Aizkorri Mendizale Elkarteko kideak.
Aizkorri Mendizale Elkarteak mendi irteera popularrak antolatu ohi ditu. kideek aurtengo urtean zehar burututako jardueren gainbegirada jasotzen du 30 minutuko filmak. Taldeko aspaldiko kide den Txema Ruiz de Azuak ondu du. Argazkilaritza gustuko du, taldearen argazkilari ofiziala dela esan daiteke, eta irteeraz irteera jasotakoa, txukun-txukun ekoitzi du. «Ohiko irteerez gain, egiten ditugu irteera didaktikoak, ibilaldi neurtuak, Aizkorriko bira, jubilatuekin ekintzak, eskiatzera irteerak, eta berritasuna, gazteak erakarri nahian, Orioko irteera gauez egiten dugu, uztailean, aurten hirugarrenez». Elkartearen osasunaz esan du, jarduerek «oso erantzun ona» izan ohi dutela, «jende asko animatzen da, gazte zein helduak». Guzti horren bilduma bat da ikus-entzunezkoa. Bestalde, elkartera gerturatzeko deia ere luzatu du.

Arrastaka Mendi Taldeko kideak.
Arrastaka elkartearen helburua mendiko kirolaren alderdi guztiak bultzatzea eta mendiari loturiko maila ezberdinetako irteerak egitea da, goi mendietara batez ere. Mendian segurtasunez ibiltzeko, alderdi teknikoa garatzeko irteerak ere antolatzen dituzte. Urte hasieran adibidez, elurretan kranpoiak eta pioletak nola erabili eta erorketen aurrean nola jokatu ikasteko irteera egin ohi dute, arrokako eskaladan segurtasuna hobetzeko irteerak eta oinarrizko tekniken ikastaroa, besteak beste. Eta ikus-entzunezkoan horren guztiaren errepasoa egiten dute.
Azken batean, bi taldeen helburua da mendizaletasunari ikusgarritasuna ematea.
Beste bi emanaldi
Gaurkoa, hirugarren emanaldia izango da, eta beste bi daude aurretik. Urriaren 24an, Airea falta den leku horretan aurkeztuko du Fernando Garrido mendigoizaleak. Eta urriaren 25ean, Amaiur Peak (5.760m), Joseba Iztueta gabiriarrak aurkeztuta.
Eskalada ikastaroa
Bost ikus-entzunezkoez gain, oinarrizko eskalada ikastaroa ere antolatu dute, hau zein helduentzat. Antolakuntzak garbi utzi nahi izan du, edonork parte har dezake Antzizar kiroldegiko rokodromoan ate irekien jarduera. 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era izango da.
DATORREN ASTEKO EGITARAUA
-
Urriak 24, asteartea. Airea falta den leku horretan ikus-entzunezkoa aurkeztuko du Fernando Garrido mendigoizaleak, 19:30ean Usurben Antzokian.
-
Urriak 25, asteazkena. Amaiur Peak (5.760m) ikus-entzunezkoa, Joseba Iztueta gabiriarrak aurkeztuta. 19:30ean, Usurbe Antzokian.
-
Urriak 28, larunbata. Antzizar kiroldegiko rokodromoan ate irekien jarduera. 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era izango da.













