Beasain, hamahiru hizkuntza gutxituren eredu
Garabideren Aditu programarekin Euskal Herrira etorri diren hizkuntza zapalduren bat duten komunitateren bateko kideek Beasain ezagutu dute gaur. Alkateak harrera egin die eta Beasaingo Udalaren hizkuntza politikak ezagutu dituzte
Kichwa, Quechua, Nasa yuwe, Kaqchikel, Nawat, Yukatango Maia, Maputxeak, Aimara, Guarani, Acre, Kreolera, Kiche eta Bubiera. Munduko hamahiru hizkuntza gutxitu dira. Komunitate bakoitzaren ordezkaritza bat Euskal Herrian da egunotan Garabideren hikzuntzak biziberritzeko Aditu formazio programari esker eta gaur Beasain ezagutu dute. Eguerdian Leire Artola alkateak harrera egin die udaletxeko areto nagusian eta Beasaingo Udalaren hizkuntza politikak azaldu dizkie.
Artolak azaldu die, besteak beste, 16 urtetik gorakoentzako Udal Euskaltegia duela Beasainek eta hobariak dituela euskara ikasteko erraztasunak izateko. Gazteagoentzako, hizkuntza errefortzurako zerbitzua aipatu die: 4 eta 12 urte bitarteko ikasleak hartzen ditu eta egun 160 haurrei eskeintzen die zerbitzua.
Ikasteaz gain, erabileran jarri du arreta Artolak. Bisitariei kontatu die ezagutza mailak eta erabilerak ez dutela neurri berean gora egin. Horregatik, Euskara Sustatzeko Ekintza Planaz ere hitz egin die. Herriko kultur eta kirol elkarteekin hitzarmenak sinatzean, beren jardunean eta, batez ere, haur eta gaztetxoekin aritzen direnean euskara erabiltzeko konpromisoa adosten dute, euskarazko kultur eta aisia produktuak herritarren esku jarriz. Aittu euskara elkartearen jarduna ere azaldu die.
“Hizkuntza biziberritzeko Euskal Herriaren erresistentzia eta borroka inspirazio iturri dira gure herrientzat”, erantzun dio Cecilia Tuyuc-ek, bisitari guztien izenean. Guatemalako Maya Kaqchikel hiztun komunitateko kidea da bera. “Dudarik gabe, zuen jakinduria guztia eta esperientzia baliagarria izango zaigu gutako bakoitza bere lurraldean gauzatzen ari den borroka sendotzeko”. Hiru hizkuntzetan hitz egin du Tuyucek.
Hartu-emana
Garabideren izenean Eñaut Agirrek hartu du hitza. Elkarteko koordinatzailea da. Azaldu du Aditu programa elkartearen proiektu nagusia dela, “euskaldunok badugulako zer irakatsia eta zer ikasia”. Halaber, Beasaingo udalarentzat esker oneko hitzak izan ditu, urteetako lankidetzagatik. 2017az geroztik urtero berritu dte hitzarmena Beasaingo Udalak eta Garabidek.
Euskal Herrian egingo dituzten asteetan hizkuntzarekin lotura duen esparru ezberdinak ezagutuko dituzte. Beasainen administrazio publikoak egin dezakeena ikusi dute; bihar, Eusko Jaurlaritzan izango dira. Berria egunkaria ere bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute.