“Hiriburuak eta kostaldea bakarrik saltzen ziren lehen”
Tolosarra izanik ere, Goierri sustatzea da Ion Ubideren lanbidea; egiteko hori "natural" hartzen duela esan du, eta, jende askok hala pentsatu arren, nabarmendu du Goierri eta Tolosaldea ez direla inondik lehiakideak.
Goierrira jendea erakartzeko lanean aritzen da Ion Ubide (Tolosa, 1981), Goitur Goierriko turismo agentziaren teknikari moduan. Turismoari begira aritzen da lanean, eta mendi lasterketak ditu zaletasun nagusi.
Ikasi, Topografia ikasi zenuen zuk, ezta?
Orain ez dakit nola izena duen graduak, baina nik ikasi nuenean Topografian eta Kartografian Ingeniaritza Teknikoa izena zuen. Askok irudikatzen dute kalean aparatu batekin neurketak egiten dituen jendea, baina hori baino askoz gehiago da topografia. Adibidez, lur mugimenduak egin, diseinatu, kalkulatu…, gerora egitekoak diren proiektuak aztertzeko. Obran zaudenean, planoan dagoena lur azalera eramatea da egitekoa. Asko gustatzen zait, eta asko gustatu zitzaidan ikasi nuenean ere.
Aritu zinen horretan lanean?
Ikasketak bukatu, eta zazpi bat urtez aritu nintzen lanean. 2008ko krisia iritsi zen gero, eta beste sektore batean aritu nintzen lanean. Erabateko aldaketa izan nuen, berriz, geroago. Ikasten ari nintzen bitartean lanean jardun nintzen, turismo gida gisa, ikasturte amaierako bidaietan, eta Niko Osinalde bidaia horiek antolatzen zituenari esker hasi nintzen asteburuetan Goierri eskualdeko turismo saileko Goitur enpresan lanean: azokak zeudenean edo, bisitak zeudelako, laguntza behar zutenean joaten nintzen.
Goiturren teknikaria zara egun. Zer lan egiten duzu zehazki?
Bi pertsona gaude Goiturren: Niko Osinalde zuzendaria eta ni neu. Gure modeloa ezberdina da Euskadin dauden beste garapen agentziekin konparatuta, gu publiko-pribatuak garelako. Diru publikotik dator gure aurrekontuaren zatirik handiena, baina enpresa pribatuek ere jartzen dute beste zati bat. Turismorako garapen agentzia bat gara, eta gure lana, asko laburbilduz, jendea Goierrira erakartzea da. Goierriren irudia kanpora saltzen dugu; Gipuzkoako gainerako herritarrei, Euskadikoei, [Espainiako] Estatukoei… Edonori.
Zenbat turismo bulego daude Goierrin?
Bederatzi turismo bulego eta interpretazio zentro edo museo daude. Herri guztiek ez daukate; herri guztiak ezin dira turistikoak izan, eta zerbait duen herriak berak kudeatzen du alor hori. Adibidez, Ordiziak D’elikatuz zentroa du, azokari eta gaztari lotuta; Idiazabalek gaztaren interpretazio zentroa du; Segurak Erdi Aroko interpretazio zentroa dauka… Gu saiatzen gara horiek guztiak koordinatzen. Komertzial lana egitea tokatzen zaigu guri gero. Orain gutxi, Basquetour euskal turismo agentziak antolatu du Meet Basque Country ekitaldia, eta natura turismora etorri ziren zazpi agentzia hartu genituen guk: Belgikakoak, Herbehereetakoak, Erresuma Batukoak…
Nola salduko zenuke Goierri?
Guk beti esaten dugu oso eskualde industriala dela; A-1 errepidea pasatzen da iparraldetik hegoaldera, eta bi aldeak fabrikaz beteta daude, zorionez, fabrika horiei esker bizi delako jende asko. Baina, aldi berean, bost minutu aurrerago landa eremu batean gaude, bi parke naturalen artean: Aralar eta Aizkorri-Aratz; konturatzerako, errepidetik kanpo zaude hor. Jendeari iruditzen zaio ordu erdi bat ibili garela autoan, eta harritu egiten da landa eremua zer gertu dagoen ikusita. Era berean, nabarmentzekoa da ez dagoela ezer artifizialik. Goierritar batek egiten duena egin dezake turista batek; inguru honetan ez da ezer artifizialik sortu. Azkenean, bertakoentzat egiteko ona dena ona da turistarentzat ere, eta aldrebes.
Elkarrizketa osoa Gipuzkoako Hitzaren webgunean.