Ordizia Rugby Elkartearen 50. urteurreneko ekitaldietan parte hartzeko deia
Datorren urriaren 28an ospatuko dute klubaren eguna, eta egunean zehar egingo dituzten ekitaldiak iragarri dituzte. Manu Osinalderen familiari omenaldia egingo diote.
“Egun berezia dator. Hilaren 28an klubaren eguna ospatuko dugu, eta jai egun ikusgarri bat antolatu dugu”. Hitz horiekin hasten da Ordizia Rugby Elkarteak 50. urteurrena girotzeko kaleratu duen prentsa oharra. Ordizia Rugby Elkartearen 50 urteak ez ezik, Katxiporretaren 35 urteak eta Bonbereneako txarangaren 20 urteak ere ospatuko dituzte.
Manu Osinalde gogoan
“Hori gutxi balitz, omenaldi berezi bat ere egingo diogu Manu Oxinalderen familiari. 43 urte pasa dira Ordizia Rugbyko jokalaria zena Trevijano zelaian jokatzen ari zela hil zenetik, eta egun berezi horretan haren alaba eta biloba omendu nahi ditugu. Osinalde hil zenean, haren alaba amaren sabelean zegoen, eta familiari omenaldi bat egitea bidezkoa bezain hunkigarria iruditzen zaigu”, nabarmendu OREk.
Katxiporretako pailazoei ere bai
Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak eguna girotzen eta istorioari argitasuna ematen ariko dira egunean zehar. “Badugu, gainera, pailazoei zer eskertu. 35 urte daramatzate Katxiporretako pailazoak Euskal Herriko milaka haurrei balio ezin hobeak erakusten, eta haien lana eskertu eta txalotze aldera, omenaldi bat egingo diegu ordiziarrek. Ez dugu ahaztu behar, gainera, urte asko daramatzatela pailazoek Ordiziara etortzen eta gure haurrei irribarre bat ateratzen”.
Eguneko ekitaldiak
- 10:30. 16 urtez azpikoek Elorrio/Arrasateren aurka jokatuko dute partida.
- 11:00. Errugbi Inklusibo jarduera.
- 12:00. 18 urtez azpikoek Elorrio/Arrasateren aurka arituko dira.
- 14:00. Neskek Bera-Bera-La Unicaren aurka jokatuko dute.
- 15:00. Ordiziako plazan elkartu eta Katxiporreta pailazoek eta Bonbereneako txarangak alaituta, Altamirara joango dira.
- 16:30. Ampo Ordizia-Cisneros partida jokatzeaz gain, ORE 50 urteurrenaren ospakizuna egingo dute.