Kontseilu Sozialistak palestinarren aldeko kontzentrazioa egin du
Kontseilu Sozialista Goierrik palestinarren aldeko kontzentrazioa egin du gaur arratsaldean. “Palestina aurrera!” eta “Israel hiltzaile, Europa laguntzaile!” ohikatu dute.
Horra hor beraien idatzia:
“Azken egunetan nabarmen larritu da Palestinako egoera politiko eta soziala. Israelgo Estatuak palestinar herriaren aurka hamarkada luzez aurrera daraman okupazioaren eta genozidioaren aurrean, borrokaren bidez erantzun du Palestinako erresistentziak; eta Israelek ofentsiba militarra abiarazi du. Gobernuak lurralde osoan gerra egoera ezarri du 1973tik lehenengoz, bere makineria militar oso martxan jarri du, eta Gazako Zerrenda inbaditzeko zein palestinarrak suntsitzeko asmoa iragarri du. Dagoeneko, ehuna hildako eta milaka zauritu daude.
Israelgo estatuak etengabe jazarri ditu palestinarrak. Ideologia sionista supremazistaren inguruan ardazturiko gobernuek palestinarrak desagertarazteko estrategia izan dute urte luzez, lurren okupazioaren, torturaren eta erailketaren bitartez; betiere mendebaldeko bloke inperialistaren babesarekin. Izan ere, Israel da ekialde hurbilean mendebaldeko oligarkiak duen aliaturik garrantzitsuenetakoa, AEBekin, Europar Batasunarekin edota NATOrekin dituen hitzarmenek argi erakusten duten bezala.
Azken egunotan, eskuineko alderdiek Israeli babesa eman diote eta ezkerrekoek elkarrizketa eta bizikidetza aldarrikatu ditute. Baina bakezaletasunaz mozorrotutako adierazpen horiek zera ezkutatzen dute, Israelek eta mendebaleko eliteek palestinarrei eskaini dien akordio bakarra beraien zapaltzaileen bakea dela. Adierazpen horiek okupazioa, zapalkuntza eta palestinar erresistentziaren kriminalizazioa justifikatzen dute.
Gerra testuinguru horretan, Israelgo Estatu kriminalaz gain (okupazioa eta palestinarren zapalkuntza dira bere oinarriak), mendebaleko estatuen izaera kolaboratzailea salatu nahi dugu. Palestinar herriari gure elkartasuna azaldu nahi diogu. Sozialismoaren aldeko nazioarteko indar politiko baten alde lanean jarraitu behar dugu, sozialismoa baita herri langileen askatasuna eta gerrarik eta zapalkuntzarik gabeko gizartea ekarriko duena”.