Sasietak gehiago, hobeto eta beti birziklatzeko kanpaina abiatu du
Birziklapen datuak "oso onak" direla esan arren, mankomunitatea ez da konformatzen. %80ko tasara iristea jarri dute jomuga
Sasieta mankomunitateak Birziklatu gehiago hobeto beti kanpaina abiatu du. Gaur goizean egin dute aurkezpena, Iturraldetxikiko bulegoetan. Leire Artola mankomunitateko lehendakariak, Iñaki Erauskin zerbitzuburuak eta Enrike Enparantza ingurumen teknikariak hartu dute parte. Nabarmendu dute eskualdeko birziklapen tasak “oso onak” direla, baina oraindik badagoela gehitzeko tartea: egungo %77ko indizetik %80raino igotzeko helburua ezarri du Artolak; erronka anbiziotsua dela gaineratu du Erauskinek: “horren kopuru altuetan hamarren bat hobetzeko majo izerditu behar dugu. Ez dugu bihar edo etzi lortuko, urteetako lana izango da”.
Hasi dute bidea. Mankomunitatea osatzen duten 22 herrietan banatzeko 31.000 eskuorri atera dituzte; aurrenekoak jada banatu dituzte eta gainerakoak datozen egunetan iritsiko dira goierritarren buzoietara. Triptiko formatuko eskuorriak dira eta hondakin bakoitza zein edukiontzira bota behar den bisualki jasotzen dute, beste beste. Gehiago birziklatzeaz gain, hobeto egitea da helburua: Erauskinek kontatu du, egindako neurketen arabera, organikoaren eta ontzien kasuetan bereziki jasotzen direla ez dagozkien hondakinak. Horregatik, edukiontzi horian azpimarra egin dute eskuorriak diseinatzerakoan, eta bertara zer bota behar den eta zer ez jaso dute.
Erauskinek gaineratu du bereizketa behar bezala eginez gero, lortzen den produktua ere hobea dela. Hartara, hondakinetatik sortuko diren materialen kalitatea ere hobea izango da.
Birziklatzea alferrikakoa ez dela ikustarazteko, ekonomia zirkularraren inguruko atala ere badakar eskuorriak beste aldean. Esaterako, 22 plastikozko botilekin zapatila pare bat egin daiteke; 40rekin, jantzi polar bat eta 80 freskagarri latarekin bizikleta-haguna bat. Konposta, papera, beira… ere sor daitezke hondakinetatik.
Festa ez da aitzakia
Beti birziklatu behar dela ere gogorarazi dute. Etxeetan birziklatze datuak hobea dira festetan edo elkarte gastronomikoetan baino, eta ez erlaxatzeko deia egin du Erauskinek. “Soilik horrela lortuko ditugu jarritako helburuak”, azpimarratu du.
Bereizketa indizeak mantendu egin diren arren, azken urteetan Sasietak hondakin tona gutxiago jaso du. Arduradunen ustez izan daiteke zabor gutxiago sortzeko kontzientzia zabaltzen ari delako edota egoera ekonomikoaren ondorioa: prezioen garestitzeak eta erosahalmenaren txikitzeak kontsumoan eragin du eta, ondorioz, zabor gutxiago sortzen da. 2022an ia 21 milioi kilo hondakin jaso zituen Sasietak, aurreko urtean baino milioi bat kilo gutxiago. 2023an, irailera arteko datuei erreparatuta, hamabost milioi kilo pasa jaso da.
Birziklapen tasak handitzeko helburuarekin, etxeetako adarraz gain, azoketara eta komertzioetara bideratutako kanpainak ere abian ditu Sasietak, besteak beste.
2023an azoketan erabiltzen diren egurrezko kaxak birziklatzeko sistema martxan jarri du. Urte hasieran mankomunitateko teknikari bat azokaz azoka ibili zen frutak eta bestelakoak garraitzeko egurrezko kutxak erabiltzen dituzten ekoizleen artean kontzientzia pizten eta jarraipena egiten. “Oso ondo” funtzionatu duela esan du Iñaki Erauskin Sasieta mankomnitateko zerbitzuburuak gaur egindako aurkezpenean. Datu bat ere eman du, azoketan zenbat bereizten den ikusteko: Ordiziako azokan hogei edukiontzi zabor sortzen da eta bakarra da errefuxarena. “Ez da betetzen”, gaineratu du.
Komertzioetako edukiontziak informatizatu egin dituzte. Herrietako dendek edukiontzi propioak dituzte eta aurten bakoitzari txip bat jarri diote, kontrola handitzeko: edukiontziren bat lekuz kanpoagertzen bada norena den jakin dezakete, datuak atera… Erauskinek ez du baztertu, sistema honi esker, etorkizunean zaborren tasak pertsonalizatu ahal izatea.