Adakik Ekitaldi Baterako Estrategia Onenaren saria jaso du
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz 3. Foroaren ekoizpen eta antolaketagatik saritu dituzte.
Adaki diziplina anitzeko branding agentziak Ekitaldi Baterako Estrategia Onenaren Saria jaso du Publifestival jaialdian. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz 3. Foroaren ekoizpen eta antolaketa arrakastatsuaren aitorpena izan da garaikurra. Ezkion dute egoitza.
Adakik komunikazio zerbitzu integrala ematen die bezeroei, eta hainbat erakunderen bidelagun izateaz gain, enpresa industrialekin eta enpresa txikiekin ere egiten dute lan. Azken sari hau, ordea, ez da Adakik jaso duen sari bakarra, 2022an Dircom saria jaso baitzuen Krisi Komunikazioaren kategorian Fagor Automationekin elkarlanean, Quecus eta Series 3 nazioartean merkaturatzeko proiektuagatik.
Eskeine Legorburu segurarra da Adakiko komunikazio eta estrategia arduraduna, eta beretzat sari hau lortzea errekonozimendu bat izan da: “Lehenengo errekonozimendua ekitaldia ondo joan denean eta dena amaitzean etortzen da. Gero, guri buruz ezer ez dakien ekipo tekniko profesional batek modu positibo batean gure lana baloratzen duenean eta sari hori lortzean ondo egindako proiektu baten beste emaitza bat dela esan daiteke “.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Euskal Herriko Unibertsitatearekin foru ireki batzuk antolatu ditu, eta Adaki izan da ekitaldiaren oinarriaz arduratu dena. “Gonbidatu batzuk etorri behar ziren ekitaldira; beraz, ekitaldi horren alde teknikoa eta haren produkzioa landu genituen. Ekitaldiaren aurretik egin behar den komunikazio guztia egin genuen: gonbidapenak sortu, diseinatu, bidali, emailez bidalketak egin… Egunean bertan, gonbidatuei harrera egin, beraiekin egon, beharrei erantzun, iluminazioa landu, ekitaldiaren eskaleta landu eta puntu bakoitzak behar dituen behar guzti horiek bete ditugu”, dio Legorburuk. Ekitaldia streaming bidez etxetik jarraitzeko aukera ere bazegoen, eta Adakikoak arduratu ziren ikusleek gonbidatuei egindako galderak kudeatzeaz.
Bezeroak ondo ezagutzea, arrakastaren gakoa
Segurarraren hitzetan bezeroa ondo ezagutzea da arrakastaren gakoa; bezeroaren helburuak zein diren ezagutu, eta hortik lanketa bat egin behar da. Behin hori ondo finkatuta horiei “erantzun egoki bat” eman behar zaie modu “eraginkorrean”, eta modu horiek bilatu behar dira: “Ekitaldi honek teknikoki behar bat zuen; baina beti ez da egoten. Oinarria helburuak ondo finkatuta izatea da. Lanketa bat egin behar da estrategia ondo garatzeko eta gero puntu bakoitzari erantzun egoki bat emateko, baina denak ez dira berdinak, kasu guztiak ezberdinak dira”.
Adakin 3 alor lantzen dituzte: komunikazioa, diseinua eta mundu digitala, eta askotan bakoitza bere aldetik badoa ere, elkarrekin askotan jarduten dute. Goierriko bezero “dezente” dituzte Adakin, bai eta Euskal Herriko beste batzuk ere, eta horiekin lanean jarraitzea da enpresaren helburua, baina beste gauza puntual batzuk egiteko irekita daudela azpimarratu du Legorburuk. “Inurri lan bat da, beti erantzun behar zaio datorrenari. Ez da lan sistemikoa, ez da beti berdina”, gehitu du.
Ezkiotik mundura
Komunikazio agentzia bat imajinatzean ez dira asko herri txiki batean pentsatzen dutenak, baina hori da Legorbururentzat Adakiren esentzia: “Guretzat oso etxekoa da. Euskal Herri guztian zabalduta gaude, eta kanpoko bezeroak ere baditugu; hala ere, jende asko harritu egiten da Ezkioko poligono industrial batean gaudela esatean, baina hori da herri txiki batek ematen duena: zuk herriari ematen diozuna, herriak zuri ematen dizu. Elkarlan bat da. Adakiren baloreetako bat da herri txiki batetik, Goierritik, lan egitea, eta hemengo bezeroentzat erreferente izaten saiatzen gara”.