«Gaintza izango da gero ere»
Herrira «azkena» iritsi, eta udalean lehenengo jarri dutela dio Jon Gorrotxategik (Beasain, 1963). Biziraupen mugatik irtetea da herriaren erronka, «eskean» segitu behar bada ere.
Ondo hasi al duzu udalarekin hartu-emana?
Herria ezagutzen ari naiz. Ez naiz bertakoa, duela bi urte etorri ginen. Udal dinamika eta esperientzia lehendik badauzkat, baina beste herri batean. Hemengo ezintasun, partikulartasun eta berezitasunak ezagutu behar dira. Herri txikia da, errekurtso oso gutxikoa. Baliabide hain gutxirekin egunerokoa eramatea, ariketa konplikatua izaten da.
Beasaindarra zara. Goierriko herri handienetik txikienera etorri zara. Aldaketa handia?
Bai, aldaketa handia da, baina bagenekien nora gentozen. Han, etxetik lau pausora dendak eta aukera guztiak eskura daude; hemen, ondo pentsatu behar izaten da kotxea hartu eta behera jaisterako, enkarguak eta zer behar den. Baina gustura bizi gara. Bizitzeko leku aparta da.
Txikia bai, baina Gaintzak ere bizi egin behar du. Zein dira zailtasunak?
Bi ostatu daude, ez dakigu zenbat iraungo duten baina, adinagatik eta. Dendak izan ziren lehen, baina orain ez dago. Zerbitzu aldetik hutsuneak daude jada, ez gabeziak bakarrik. Buelta batzuk eman nahi dizkiogu, baina oso zaila da. Denda koskor bat jarrita, jendeak hartuko al du ohitura horra joateko? Zerbitzu bati nolabaiteko errentagarritasuna ere itzultzea? Oso konplikatua da.
Udalak zer maniobra-tarte du?
Erronka handiak dira, eta nola asmatu ez da jakiten. Errekurtso aldetik gabezia handia daukagu. Gaintzak ez dauka inolako aktibitate produktiborik, bi ostatuak kenduta. Baserrietako jarduna hutsean dago. Horrek udalari eskaintzen dizkion sarrerak ere maila berekoak dira. Bizirauteko errekurtso bakarra Foru Funtsetik datozkigun gure zergetako portzentaiak dira. Edozein ustekabe gertatuz gero, beti eskean ibili beharra daukagu.
Zer aukera daukazue buelta emateko? Nora jo dezakezue?
Horri buelta asko ematen dizkiot. Dendekin bezala, herri txikiek biziraun behar dutela eta zaindu behar ditugula asko entzuten da, baina errealitatean, Foru Funtsaren banaketan –proportzionalitate bat badagoen arren– Donostiak eta Gaintzak biztanle kopuruen arabera jasotzen dute. Baina, noski, Donostiaren aurrekontuan funtsaren portzentaia eta Gaintzarenean ez dira berdinak. Gaintzak ez du aukerarik industrialderik edo produktibitaterik eskuratzeko. Orduan, zer etorkizun eskaintzen zaio herri txiki bati bizirauteko? Hutsaren hurrena.
Diruen birbanaketan, diskriminazio positibo bat bilatu beharko litzateke maila honetan dauden herrientzako. Biziraupen mugan gauden herriekiko, beste banaketa-pentsamendu bat egon beharko litzateke. Edozein gauza dela eta, etengabe gu eskean ibili beharrean gaude. Eskean beti, beti eskean… Gainera, irizpide politikoen araberako erantzun bat jasotzeko. Zerbait gehixeago pentsatu beharko da.
«Herri txikiei bizirauteko hutsaren hurrena eskaintzen zaie, etorkizunerako»
«Asmatu beharko dugu eskaintza onak egiten eta merkatari lanean»
Egitasmoak pentsatzerako orduan, beraz, zein dira aukerak?
Garbi esango dizut: gure egitasmoa bizirautea da. Aurrekontuen inbertsio atalean ez dago dirurik. Aurrera egiteko ez daukagu aukerarik, ez lur sailak erosteko, ez kaleak konpontzeko… Gure biziraupenean oinarrizko urratsak egiteko ere gutxieneko baliabiderik ez daukagu. Hemen arazo handienetakoa biztanleriaren galera edo eskasia da. Herri bezala kontsideratzeko muga-mugan gaude. Baina jendea hona erakartzeko politikarik ere ezin da bultzatu, ez etxebizitzekin, ez sailak erosten, ez urbanizazioak egiten.
Premia handiena biztanleriaren galera etetea da?
Azken zortzi-hamar urteetan ez gaude galeran, baina bai berdintsu eta mugan. Zahartzearen ondorioz, pentsa daiteke behera joateko bidean gaudela. Egoera aldatzeko, bi gauza behar dira: bertakoak bertan gelditzea, eta jendea halabeharrez erakarri beharra daukagu beheko hiriguneetatik, hango prezio garestietatik zer edo zer erakargarria eskainita, landa inguru eta toki eder batean bizitzeko. Hasi behar dugu etxebizitza politika bat planteatzen, eta horretarako zailtasunak ditugu. Garraioa ere bada beste arazoetako bat.
Hirigintza plana berritzen hasita dago udala. Etxebizitzari buruz, zer ideia daukazue?
HAPO plan orokorra berritzeko prozesua aurreko agintaldian hasi zen, baina geldi egon da, eta orain ari gara berriz hasten. Lurraldeko Zatiko Plangintzaren diagnostikoan, jaurlaritzatik Gaintzari hurrengo urteetarako eskaintzen zaion etxebizitza kopurua zortzi da. Horrekin nekez eskaini ahalko dugu ezer. Aramak eta Altzagak, gure etxe kopuru bertsua izanik –Gaintzak 79 ditu, Aramak 84–, Aramari 46 etxebizitza egiteko aukera jartzen zaio. Gaintzari, zortzi. Edozer gauzatan, ordea, eskean hasten garenean, beti berdina esaten digute: ‘Oso gutxi baitzarete’. Errepide nagusien irteera-seinaleetan Gaintzaren izena ez da azaldu ere egiten. Etengabe, «gutxi zarete» entzuten dugu, baina gehiago izateko ere bideak murriztu egiten zaizkigu.
Mahaian zer aurkitu duzu lau urteotarako lehen lantzat?
Justu, agintaldi honen hasieran dena berrira ekartzeko tokatu zaigu: HAPO, lanpostuen balorazioa egiten ari gara, oraintxe idazkari berria etorri da, administraria ere erretiroa hartzeko bidean da… Dena airean daukagu. HAPOk pentsamendu sakonetan jartzen gaitu, eta hor errealitatea nahiko gordina da.
Egia da, egunerokoan jarrita, jendea gustura bizi dela. Badaki hemen bizitzen, eta bizitzeko toki aparta eta erakargarria da. Giro ona dago biztanleen artean, eta bizitzeko era berri bat da. Pentsamendu sakonetan jarrita, egia da laino beltzak ikusten direla. Baina herri hauek orain arte ere jakin dute irauten, eta gero ere jarraituko dute. Ezinarekin geldituko bagina hemen, etsi eta kito. Asmatu beharko dugu eskaintza onak egiten, eta merkatari lanean.