Artadi kultur elkartearen 40. urteurrena larunbatean ospatuko dute
Urtetan itzal antzean egon ondoren, Ataun San Gregorioko elkarte horrek indar eta odol berrituta hasi du aro berria, gazteen gidaritzapean. Pintxo-potea eta musika emanaldiak antolatu dituzte, zapatu iluntze-gauerako.
Ataungo gazte talde batek sustraitik heldu dio Artadi kultur elkartea galbidetik ateratzeko eta biziberritzeko ekimenari. Sortu zutenetik 40 urte dira aurten, baina aspaldixkoan erabilerarik eman gabe egon da Artadi, San Gregorio auzoko plazan bertan, nahiko hutsik eta geldirik. Gazteek berriro martxan jartzea erabaki dute, energia, ideiak eta odola berrituta.
Goitik beherako eraberritzea gauzatu dute Artadin. Estatutuak eguneratu, araudiak berritu, sarbidea kontrolatzeko sarraila aldatu… Zuzendaritza talde berria aukeratu dute, eta buru-belarri ari dira lanean, euren gaztetasuna gaztetasuna: 20-23 urte bitarteko bost gaztek hartu dute Artadi biziberritzeko ardura eta lema.
Irailaren 22an egin zuten lehenbiziko inaugurazio-legea. Ordurako, elkartea bera ere barrutik txukundu zuten. Taberna-barra eta sukaldea erabilgarri jarri dituzte berriro. «Seriotasunez» heldu nahi diote berriz ere elkartearen martxari.
Kultura arloari indarra
Logotipo berria ere diseinatu dute elkartearentzat. Edalontziak, adibidez, irudi horrekin ekarri dituzte. «Elkarteari berriz bizi pixka bat ematea da helburua», aitortu dute zuzendaritzako kideek. Gaur egun hogei-bat bazkide ditu Artadik. Gehienak San Gregoriokoak bertakoak dira, baina Aiakoak eta San Martingoak ere badaude.
1983an sortua, Artadi Kultur Elkartea du izen ofiziala. «Baina gehien bat lokal erabilera eman zaio orain arte. Orain kultur alderdiari eman nahi diogu garrantzia eta indarra». Lokal erabilera saihesten hasi nahi dute. Telebista eta bideo-jolasak bazeuden, baina orain bazkideek soilik daukate sartzeko giltza.
Ekitaldi irekiak antolatzen hasteko asmoa daukate orain, festetatik aparte. «Hilean edo bi hilean behin ekitaldi bat egitea da ideia». San Gregorioko Festa Batzordekoak ere badira Artadiko zuzendaritzakoak.
Artadiren 40. urteurreneko festa larunbat iluntze-gau partean egingo dute. Pintxo-potearekin hasi, eta hiru beasaindarrek osatutako Sheldon’s musika taldeak joko du gero. Gaua DJ B ataundar gazteak girotuko du, bere bigarren pintxaketan.
Artadi elkartearen 40. urteurreneko ospakizuna
- Eguna. Urriak 28, larunbata.
- Ekitaldia. Artadi kultur elkartearen 40. urteurrena (1983-2023) ospatzeko festa.
- Tokia. Artadi elkartean, Ataungo San Gregorio auzoan.
Egitaraua
- 19:00. Pintxo potea.
- 20:30. Sheldon’s musika taldea.
- 23:00. DJ B -ren musika.