«Genozidioa amaitzeko» eta Palestina «askatzeko» eskatu dute
Beasaingo kaleetan manifestazioa egin dute ‘Elkarrizketa politikoa da bidea, Gerrarik ez! Palestina askatu’ lemapean. Ehunka lagun bildu dira. Bihar, Zaldibian egingo dute elkarretaratzea, Xirika elkarteak deituta.
Elkarrizketa politikoa da bidea, Gerrarik ez! Palestina askatu! lemapean mobilizazioa egin dute Beasainen. «Palestinako herriari elkartasuna» erakutsi diote eta, aldi berean, «Gazan Israel egiten ari den genozidioarekin berehala amaitzea, eta gatazkari konponbide justu eta demokratikoa bilatzea» eskatu dute.
Ekialde Hurbiletik iristen ari diren albisteen arabera, ondorio humanitarioak, sozialak eta ekonomikoak benetan latzak izaten ari dira, eta aurrekaririk gabeko dimentsioa har dezake berehala etenik eta konponbiderik ez badago. Horren aurrean altxatzen ari diren ahotsak geroz eta gehiago dira. Nazio mailan, Donostian milaka herritarrek bat egin zuten larunbatean. Goierrin Beasain, Ordizian, Urretxun eta Zumarragan egin dira protestak, besteak beste, eragile desberdinek deituta.
Beasainen Euskal Herri mailan hitzartu den Gernikako manifestuarekin bat egiten duen herritar talde batek deitu du gaurko manifestazioa. «Israel Palestinako herriaren aurka burutzen ari den sarraskiak nazioarteko justiziaren ordenamendu guztiak hankaz gora jartzeaz gain, Israelgo agintarien benetako nahiak agerian uzten ditu, Palestinarrak haien herritik bota eta desagerrarazi nahi ditu», kexatu dira. Gertakariok, giza eskubideen aldeko elkarte palestinarrek zein Amnesty International eta Human Rights Watch elkarteek, besteen artean, «gerra krimentzat jo» dituzte. Nazio Batuetako zenbait instantziek ere Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren «urratze larritzat jo» dutela nabarmendu zuten.
Gogoratu dutenez, «Palestinaren aurkako erasoa ez da berria; 75 urtez luzatu den gatazkak Israelen izaerarik bortitzena agerian utzi du, beste behin. Palestinako herriak giza eskubideen, duintasunaren eta nazio eskubideen alde dituen benetako nahiak bete behar dira».
Palestinako herriak giza eskubideen, «duintasunaren eta nazio eskubideen alde dituen benetako nahiak betetzea» eskatu zuten. Gertakarien aurrean nazioarteko hainbat agintariren jarrera «lotsagarria» iruditzen zaie; «Europako parlamentuko buruak gure izenean sarraski hauek justifikatzeak, agintari horien izaera nolakoa den agerian uzten du. Argi adierazi nahi dugu, ez gure izenean!».
Hiru eskakizun
Egoeraren «larritasunaren» aurrean, hiru eskakizun zehatz egin dituzte: batetik, Gazan Israel egiten ari den genozidioarekin berehala amaitzea, gatazka honi konponbide justu eta demokratikoa emanez; bigarrenik, konponbide hori Nazioarteko Zuzenbidean eta Nazio Batuen ebazpenen betearazte zorrotzean oinarritzea; eta azkenik, okupazioari amaiera eman, eta Palestinaren autodeterminazio eskubidea bermatzea.
Xirika elkarteak elkarretaratzea deitu du biharko, Zaldibian, 19:30ean, plazan, Palestina aurrera! Genozidioa gelditu! lelopean.