Goierriko udal nagusiek jarduna eten dute grebagatik
Greba eguna da gaurkoa sektore publikoan. Beasaingo, Ordiziako, Lazkaoko, Legazpiko edo Urretxuko udalak, besteak beste, ez dira zerbitzurik eskaintzen ari.
Goierriko udal nagusiak greba egiten ari dira gaur. Beasaingo, Ordiziako, Lazkaoko, Legorretako, Legazpiko, Urretxuko eta Zaldibiako udalek “erabat” eten dute euren jarduna LAB sindikatuaren arabera. Beste hainbat zerbitzu ere batu dira sektore publikorako deitutako grebara, Zumarraga-Urretxuko Udal Euskaltegia, Sasieta Mankomunitatea edo Antzizar kiroldegia kasu.
ELA, LAB, CCOO, SATSE, Steilas eta ESK sindikatuek antolatu dituzte lanuzteak. Sektore publikoko langile guztiak deitu dituzte grebara: Irakasleak, garbitzaileak, Osakidetzako langileak, kiroldegietakoak, epaitegietakoak eta abar. Uste dute zerbitzu publikoek «okerrera» egin dutela azken urteotan eta horrek, ezinbestean, eragin zuzena izan duela herritarrei eskainitako arretan. Egoera hobetu ahal izateko, beste gauza batzuen artean, 2024rako soldaten %10 igotzea eta langileen behin-behinekotasuna %8ra jaistea eskatzen dute.
Eskari horiek ez ditu onartu Eusko Jaurlaritzak, eta horregatik eutsi diote greba deialdiari sindikatuek. Duela bi aste bilera akordiorik gabe amaitu zenean, alde sindikalak salatu zuen Jaurlaritzak «entzungor» egin ziela bere eskariei, «Madrildik ezarritako mugei» men egiten dielako.
Jarraipen “oso zabala” izaten ari da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, sindikatu deitzaileek goizeko lehen orduan zabaldutako datuen arabera. Ohar bateratu batean azaldu dutenez, hedabide eta garraio publikoetan greba “ia erabatekoa” izaten ari da; “oso zabala”, hezkuntza publiko ez unibertsitarioan eta unibertsitarioan eta udal eta foru esparruan; “apalagoa”, ordea, Estatuko administrazio esparruan. Bien bitartean, Osakidetzan ezarritako zerbitzu minimoek “guztiz baldintzatuko dute grebaren jarraipena” sindikatuen ustez. Eusko Jaurlaritzak ez du grebaren jarraipenaren inguruko baloraziorik egin.
Abenduaren 19rako beste greba egun bat dago deituta.