Hirugarrena jarraian
Lekarozeko Kortaria gaztandegiko Julen Arburua gaztagileak irabazi du Ordizia Txapeldun gazta lehiaketa, hirugarren urtez segidan. Bigarren eta hirugarren postuak Segurako Ondarre gaztandegiarentzat izan dira.
Ordiziako Udalak eta Idiazabal Gaztaren kofradiaren eta Idiazabal Jatorri Izendapenaren laguntzaz antolatutako 36. Ordizia Txapeldun gazta lehiaketa jokatu da gaur goizean Ordiziako Plaza Nagusian, asteazkeneroko azoka martxan zela. Lekarozeko Kortaria gaztandegiko Julen Arburuak irabazi du aurtengo lehiaketa, ketu gabeko gazta batekin. Hirugarren urtez jarraian lortu du garaipena. 8,5 puntutik gorako emaitza lortu duenez, Urrezko Gazta saria ere eskuratu du.
Bigarren eta hirugarren postuak Segurako Ondarre gaztandegiarentzat izan dira. Eneko Goiburuk jaso ditu sariak. Azken 10 urteetan Euskal Jaietako Gazta Txapelketa irabazi duten artzain eta gaztagileek aurkezten dituzte gaztak Ordizia Txapeldun lehiaketara, garaipen bakoitzeko gazta bana. Segurako Ondarreko Karmele Murua eta Eneko Goiburuk (2014ko, 2021eko eta 2023ko irabazleak), Zeanuriko Ipiñaburuko Jon Etxebarriak (2015), Ordiziako Otatzako Joseba Insaustik (2016), Aiako Agerre-Buruko Jose Luis Odriozolak (2017), Lekarozeko Kortariako Julen Arburuak (2018 eta 2019), Larreako Gaztakeko Patxi Lopez de Uraldek (2020) eta Illarduiako La Lezeko Eli Gorrotxategik (2022) aurkeztu dituzte gaztak aurtengoan.
10:30ean hasi da lehiaketa, eta dastaketak egin ondoren, eguerdi partean jakinarazi dituzte irabazleak. Epaimahaia Iñaki Arrietak (Rekondo Jatetxea), Vera Maria Arrietak (Jakitea Elkartea), Paloma Enriquezek (Cebanc), Victoria Urrestik eta Patxi Perezek (Idiazabal Jatorri Izendapeneko teknikariak) eta Eli Belaunzaran (El Diario Vasco) eta Aitzol Zugasti (AZ Gastonomia) kazetariek osatu dute.