Koldo Zubeldia zena oroituko dute poeta lagunek, Larraitzen
Poesiaren Hatsa taldeak antolatuta, bilkura egingo dute larunbatean idazle zaldibiarraren omenez, hura hil zenetik urtebetera.
Horren maitea zuen Aralarren magalean, larunbatean omenduko eta gogoratuko dute Koldo Zubeldia poeta eta idazle zaldibiarra, haren literatura-kide eta lagun izandakoek. Poesiaren Hatsa taldeak antolatu du Zubeldiaren oroimeneko eta gorazarreko ekitaldia. 2022ko urriaren 2an hil zen Koldo Zubeldia Mendizabal, 66 urterekin.
Lagun arteko juntadizoa izango da Aralarko mendiaren pean, Koldo Zubeldia gogoan izeneko omenaldi-ekitaldia. Larunbatean, 11:00etan elkartuko dira, Larraizko aparkalekuan. Handik Abaltzisketako herriraino oinez ibilaldia egingo dute jarraian, tarteka-tarteka Zubeldiaren olerkiak eta testuak irakurriz.
Bederatzi liburu argitaratu zituen Zubeldiak, autoedizioaren bidetik. Azkenak, Bederatzigarrena bederatzi liburuak, 2020ko ekainean ikusi zuen argia.
Berriz Larraitzera itzulita, Ñañarri jatetxean bazkaria izango dute izena emanda dauden kideek. Bazkal ondoan ere olerki-mintegia egingo dute, Koldo Zubeldiaren testuetan eta oroitzapenetan oinarrituta.
Hatsa taldearekin hartu-emana zeukan idazle zaldibiarrak. Auxtin Zamorak bultzatuta, Senperen (Lapurdi) urtean behin egin ohi dute poeten bilkura bat, eta han parte hartu izan zuen Zubeldiak. Olerki liburuak ere argitaratu ohi dituzte.