Aitor Alvarezek hartuko du Txistularien alardeko batuta
Txistularien alardeak 41 urte beteko ditu aurten. 30 bat txistularik, musikariak, Loinatz abesbatzak, Aurtzaka dantza taldeak, Loinatz Musika Eskolak eta Ekaitz konpartsak parte hartuko dute, besteak beste, Udazken Kulturaleko ekitaldi beteranoetako bat den honetan.
Aurten ere, hutsik egin gabe, Udazken Kulturalaren barnean Goizerezi Txistulari Taldeak antolatzen duen txistu alardea ospatuko da. Larunbatean izango da, Gernika pasealekuko frontoian, 19:30ean hasita. Aurtengoa, 41. edizioa izango da. Kontzertuaren aurretik, ohiko kalejira egingo dute, kalez kale, 19:00etan Basakanatik abiatuta, pergoletako frontoira iritsi arte.
Adin eta gustu guztietarako abestiak joko dituzte, hamabi pieza denera, Beasaingo martxa tartean.
Inguruko herrietako txistularien laguntza izango dute: Ordiziatik, Urretxutik, Idiazabaldik, Legazpitik… helduko dira. 30 bat txistulari izango dira oholtzan. Baina ez dira bakarrik egongo: Maddi Otamendi eta Julen Iraola (ahotsa), Emilio Lopez eta Kirian Uralde (tronpeta), Lucia Moya (tronpa), Iker Lizartza (tronboia), David Gonzalez (tuba), Karlos Alcala (bateria), Marisa Olano (pianoa), Izaskun Insausti (akordeoia), Hodei Zabaleta (trikitixa), Loinatz abesbatza, Ekaitz erraldoien konpartsa, Aurtzaka dantza taldea eta Loinaz musika eskola izango dituzte laguntzen. Xabi Garmendia egongo da irudiekin eta Larraitz Goikoetxeak egingo ditu aurkezle lanak.
Denen artean, publikoarentzat gozagarri izango den saioa prestatu dute, apiriletik lantzen ari direna.
Batuta aldaketa
Azken bi urteetan, Unai Ariztimuñok zuzendu du ekitaldia, eta larunbatean, kontzertuko lehenengo abestia berak zuzenduko du. Taldearen gidaritza Aitor Alvarezek hartu zuenez orain urtebete, berak zuzenduko du bigarren abestitik aurrera, oholtza gainean batuta aldaketa egin ondoren.
Alvarez, zortzi urterekin hasi zen txistua jotzen, eta duela zazpi bat urte sartu zen Beasaingo txistularien taldean. «Gustura nago, ekintza asko egiten ditugu, harreman polita dugu eta ederki pasatzen dugu».
Larunbateko ekitaldia lehengoz gidatuko duela-eta «gogotsu» agertu da. «Kontzertu hau prestatzeak lan handia dauka atzetik eta egindako lanak oholtzara eraman eta emaitza ikusteko gogoz gaude. Urteko ekintzarik garrantzitsuenetako bat da guretzako, publikoak ere badaki hori, eta onena eskaini nahi diegu», gonbidatu ditu herritar guztiak.