«Funtsean dena da erronka, baina handiena etxebizitzak dira»
Iñaki Alberdik (Idiazabal, 1976) bigarren aldia du alkate karguan. Gurutze Berriko lanak amaitzea, komertzioari eustea eta kultur etxea eraikitzea jo ditu helburu.
Zer moduz hasi duzu legealdia?
Ondo, bigarren deialdia dugu. Aurreko legegintzaldian sei zinegotzi ginen eta orain zortzi, beraz, ondo. Aurreko taldetik lau mantendu gara, eta beste lau sartu dira, eta elkarri aklimatatzen eta elkar ezagutzen ari gara. Hala ere, lana errazagoa da.
Gehiengoa lortzeak zer suposatu dizu arlo pertsonalean?
Nolabaiteko lanaren berrespena izan da, baina sekula triunfalismoan erori gabe. Duela lau urte bide bati eman genion hasiera, eta jendea ez dago hain disgustura bide horrekin. Badakigu gauzak baditugula hobetzeko, baina hauteskundeetako emaitzak bide horri jarraitzeko indarra eman zigun.
Aurreko legealditik honetara, ezberdintasunik sumatu duzu?
Bi legegintzaldiren hasierak gogorrak egin zaizkit. Ematen du legegintzaldi bat amaitzean bestea zerotik hasten dela, baina ez; jarraikortasun bat dauka. Aurretik datozen arazoekin jarraitu behar da baina datozen arazoak ere kontuan hartu behar dira. Taldea aldatzean lan moldeak aldatzen dira; hamaika zinegotzi gara, zortzi gure taldekoak eta hiru bestekoak, eta legealdi aldaketan berriro ere jendea ezagutzen hasi behar da. Duela lau urte ez genuen espero irabaztea, baina lan asko egin dugu eta martxa hartua dugu. Udalaren ekosistema gehiago kontrolatzen dugu orain, eta horrek lana errazten du.
Zein dira legealdi honetako erronka nagusiak?
Funtsean dena da erronka, baina handiena etxebizitzak dira. Idiazabalen arau subsidiario zaharrak geneuzkan, eta plan orokorra onartzea kostatu egin da; ondorioz, etxebizitza berririk egiterik ez zegoen. Egoera hori 2022ko abuztuan desblokeatu zen eta horrek ahalbidetzen du ate hori irekitzea jendeak Idiazabalen bizitzen geratu nahi zuelako. Gazteek bertan bizi nahi dute, eta guri tokatzen zaigu hori posible izateko etxebizitza promozioak aurrera ateratzea. Baina ez da gazteen gauza bakarrik; herri bat gauza bizi bat da, beraz batzuk etxez aldatzeko eta beste batzuk lehenengo bizitza bat izateko lan mordoa egitea egokitzen zaigu.
Herri bizia da Idiazabal?
Beste erronketako bat da. Gure lehenengo legislaturako eslogana herriak suspertu beharra zuela zen; sentsazioa genuen herria nahiko geldi zegoela, eta aldatzea lortu genuela esango nuke. Orain, ordea, badugu arazo bat: komertzioa ixten ari dela eta ez dagoela ordezkatuko duenik.
Komertzio berriak irekitzea da helburua?
Erronka ez da komertzio berriak irekitzea, baina bai dauzkagunak mantentzea. Jendea erretiroa hartzen ari da, eta ez dago ondorengorik: puzzlea osatu eta herria bizirik mantendu nahi dugu. Komertziorik ez badago ez dago jenderik kalean. Komertzioak zein ostalaritzak izaera berezi bat ematen dio herriari.
Legealdia amaitzean, zer utzi nahi zenuke eginda?
Gauza asko, baina esaterako, Gurutze Berri auzoa berritzeko proiektua. Aspaldi Idiazabalen sartu den proiektu potoloena da. Kosta egin zaigu martxan jartzea azpiko lan asko egin behar delako, baina gauzak epeka baldin badoaz hemezortzi hilabete barru amaituta egon behar luke. Idiazabal modernizatzeko geratzen zen auzo bakarra litzateke: gaur egungo estandarretara ekarriko dugu, irisgarritasun aldetik ere aldatuko dugu.. auzo bizigarri batean bihurtuko da. Egia da herriari xarma apur bat kenduko diogula, baratzeak-eta zeudelako, baina orain dela 65 urteko herri ikuspegia eta gaur egungoa oso ezberdinak dira. Orain auto askoz gehiago daude, parking gehiago behar dira… baina bertako bizilagunen adin media nahiko altua da eta beste gauza batzuk dute lehentasuna.
«Auzoak ere badaude, eta ahaztuta sentitzen dira batzuetan»
«Gazteek bertan bizi nahi dute eta guri tokatzen zaigu hori posible egitea»
Etxebizitzak aipatuta, auzo berriak eraikiko dira?
Udalak bestalde badu bere propietatekoa den eremu bat, eta horri irteera eman nahi diogu etxebizitzak egiteko. Gauza bat da plan orokorra onartuta egotea, baina horren atzetik plan partzialak, birpartzelazioak eta abar datoz. Hori dena aurreikusi dugu eta pare bat urte eramango digu horrek. Aldi berean promotore pribatuak erakartzea gustatuko litzaiguke etxebizitza aldetik ere bide bat markatuta uzteko. Horretaz gain, herriko plaza ere eraberritu beharrean gaude. Badugu kiosko bat, baina ez du herrian ondo enkajatzen; lehen eginkizun batzuk zituen baina orain ez da erabiltzen. Komun irisgarriak ere ez ditugu, eta gustatuko litzaiguke plaza horri prozesu parte hartzaile baten bidez buelta ematea. Amaitzeko, gure ametsa kultur etxe baten proiektua izango litzateke. Dirua mugatua da, baina proiektua behintzat idatzita utzi nahi genuke. Bestelakoan orain arteko lanekin jarraitu nahi dugu. Asko begiratzen diogu herriguneari, baina auzoak ere badaude, eta ahaztuta sentitzen dira batzuetan. Herriaren %80 herrian bizi da, baina beste 20 hori landa eremuan. Apustu handia egin dugu landa eremuan, eta horrekin jarraitu nahi dugu.
Inoizko aurrekontu handienak izan dituzue aurten.
Baina hori oso puztua izan zen. Normalean guk 4 milioi euoren bueltan izaten ditugu, baina aurreko legegintzaldian Gurutze Berriko obra guztia sartu behar izan genuen, eta 2 milioi eta 400 mila euro zeuden aurreikusita, eta horren ondorioz 7ra igo zen.
Idiazabalgo biztanleen laurdena 65 urtetik gorakoa da. Adindunentzat zer eskaintza duzue?
Eguneko zentroa dugu, bai eta jubilatu elkarte bat ere. Belaunaldi aldaketa bat egon da elkartean eta oso dinamikoak dira. Tailer asko ematen dituzte, eta haien aisialdirako uste dut baliabide dezente ari garela jartzen. Hala ere badugu arazo bat. Eguneko zentroa oso goxoa da eta kudeaketa herrikoia du, baina eraikina zaharkituta geratu da, eta esaterako larrialdietarako irteerei aldaketa bat eman behar diegu. Arazoa da eguneko zentroa bigarren solairu batean dagoela, eta egoera horrekin zer egin pentsatzen ari gara.
Herri parte hartzailea da Idiazabal?
Adibide berdina jartzen dut beti: herriko festetan udala diru euskarria baino ez da. Udalak oso gauza gutxi antolatzen ditu festetan; herriko elkarte eta eragile ezberdinek antolatzen dituzten festak dira. Guk koordinazio lana egiten dugu. Orokorrean herrian antolatzen diren gauzetara jende dezente inguratzen da. Jende aktiboa da, bai. Laguntza eskatzean jendeak erantzuten du. Idiazabal oso ondo erantzuten duen herri bat da.
Oposizioak aurreko agintaldiaren balorazioan esan zuen «ezer gutxi» aurreratu zenutela.
Politika alua da; politikan nik egiten dudana ondo dago eta bestearena gaizki, baina urrundu egin behar dugu hortik. Funtsean hemen hamaika lagun gaude boluntario moduan herriarentzat lan egiten, eta helburua denak batera aurrera egitea da. Gauza batzuetan ados egongo gara eta beste batzuetan ez. Normala den bezala. Zorionez udalean sartu den oraingo talde berriarekin bestelako jarrera eraikitzailea aurkitu dugu. Gustura ari gara lanean.
Lan gogorra da udalekoa?
Udaletxe batean atzetik dagoen lana aldarrikatu nahi nuke. Egunerokoan, momentuko erantzuna eskatzen duten hainbat aurreikusi gabeko egoera gertatzen dira eta naiz eta askotan kanpoko lana ikusten den, udal langileen eta zinegotzien egite onak ahalbideratzen du udaletxe baten eta neurri batean herriaren martxa ona. Eta beti hobetu beharreko gauzak egonik ere, uste dut Idiazabal martxa onean doala.