Josu Mujikari biktima izaera aitortu dio Eusko Jaurlaritzak
Mujika 1975ean erail zuen poliziak. Bertsio ezberdinak eman ostean, Jaurlaritzaren Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetza Sailburuordetzak onartu du giza eskubideen urraketaren biktima izan zela
Josu Mujika Aiestaran legazpiarrari biktima izaera aitortu dio Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetza Sailburuordetzak. Maiatzaren 15ean onartu zuten Mujikaren auzia, baina gaur arratsaldean egin du familiak ofizial, Mujikaren hurbilekoen, lagunen eta politika arloko hainbat eragileren babesarekin. “Hau da eguneko albiste ona”, esan du Nekane Gonzalezek, ekitaldiko aurkezleak.
Mujika 1975eko uztailaren 30ean erail zuen Espainiako poliziak, Madrilen. Une hartan berarekin zen Felix Egiak ere “poz handia” sentitzen duela aitortu du, “Josurengatik eta bere familiarengatik. Urteetako sufrimendua bukatu da”. Aitziber Gine Mujikaren ilobak, baina, balorazio “gazi-gozoa” egin du. “Prozesu gogorra izan da eta berriz ireki dira zauriak. Ebazpen honekin familian aurretik genituen kezkak eta mesfidantzak gainditzen hasi gara. Izan ere, urte askoan jo gaituzte bigarren mailako biktimatzat”.
Ginek beste balorazio batzuk ere egin ditu: alde batetik, Eusko Jaurlaritzari eta Legebiltzarrari bitarteko gehiago jar ditzala eskatu die. “Hiru urtez luzatu den prozesua izan da gurea, eta oraindik ebatzi gabe daude kasu asko”; “besarkada estua bihotz-bihotzez” helarazi die erantzunik jaso ez duten familiei, eta “egiaren eta justiziaren alde” lanean jarraitzeko eskatu die; halaber, esker oneko hitzak izan ditu ia 50 urtez Mujika Aiestaran familiaren ondoan izan diren legazpiarrentzat eta lagunentzat; eta, azkenik, hunkituta, azpimarratu du ez zuela osaba ezagutzeko aukerarik izan. “Exekuzio bidegabea izan ordez poliziak Josu atxilotu izan balu, gaur aukera izango genuke ilobok gure osaba ezagutzeko eta berarekin bizitzeko eta gozatzeko”. “Josu, osaba, maite zaitugu” esanez borobildu du hitzartea.
Mariaje Lezeta Mujikaren bikotekideak aitortu du jakitun dela “balio handiko aitorpen administratibo, politiko eta instituzionala” dela. Baina ez du baztertu epaitegietara jotzea. “Familiak ez du baztertzen Josuren hilketagatik zigor-auzitegien esku-hartzea eskatzea, oraindik indarrean dauden eta pertsegi daitezkeen delitu-erantzukizunak ebazteko”. Azpimarra egin du memoria demokratikoaren 20/2022 legeak esaten duela gerra krimenak, gizateriaren aurkako ekintzak, genozidioak eta torturak ez direla iraungitzen eta ez direla amnistiagarriak.
1975eko uztailaren 30a
Mujikak 23 urte zituen poliziak atzeman zuenean. 1975. urteko uztailaren 30a zen, Franco hil baino lau hilabete lehenago. Madrilen izan zen, Segoviako (Espainia) kartzelan ziren preso politikoen ihesaldia prestatzen. Atxilotu zuten egun berean erail zuten, eta lau bertsio zabaldu zituzten poliziak: bihotzekoa izan zuela, bere buruaz beste egin zuela, tiro-trukean hil zela eta ihes egiten saiatu zela eta tiro egin behar izan ziotela.
Sailburuordetzak Mujikaren auzian prestatutako txostenak dio “aho batez aitortu beharrekoa dela giza eskubideen urraketaren biktima zela, 1960ko urtarrilaren 1etik 1978ko abenduaren 28ra izandako motibazio politikoaren indarkeriaren testuinguruan”. Hala, Batzordeak Eusko Jaurlaritzari eta Eusko Legebiltzarrari Mujika biktima gisa aitortzeko eta jasandako sufrimenduaren “bidegabekeria” gogorarazteko jarduera “guztietan” sartzea, “biktimen memoriarekin dugun betebehar publikoa aintzat hartuz”. Era berea, Eusko Jaurlaritzari eta Eusko Legebiltzarrari gomendatzen die eskaera bera egin diezaietela Espainiako erakundeei, aztertutako egitateetan haren segurtasun-kidegoek eta indarrek izandako erantzukizuna kontuan hartuta.
Josu Mujika Aiestaran 1975. urtean erail zuten arren, familiak ezin zian zuen bere gorpua Legazpira ekarri 1977ko urtarrilaren 24ra arte. Mujikaren aitak harreman zuen Eduardo Chillidarekin, Haizearen rrazia eobra egiten lagundu zionetako bat izan baitzen. Chillidak zituen harremanak baliatuta ekarri zuten gorpua herrira.