Landan Ekin proiektuaren sariak banatu dituzte gaur Zaldibian
Landa eremuan ekintzailetza eta elkarlana sustatzeko egitasmoaren lehenengo edizioko sarietara 28 proiektu aurkeztu dira. Gazteen eta emakumeen partaidetza handia nabarmendu du Landaolak. Sarituen arten ez dago goierritarrik.
Gipuzkoako landa garapen elkarteak biltzen dituen Landaola federazioak –tartean dago Goierriko Goimen– antolatutako Landan Ekin sariketaren irabazleen izenak jakinarazi dituzte gaur eguerdian Zaldibian, Goizane eraikinean.
Guztira 28 proiektu aurkeztu dira, lehen edizioa izateko “asko” iritzi diote antolatzaileek, eta nabarmendu dute gazteen eta emakumezkoen partaidetza “handia” izan dela. Landa eremuan ekintzailetza eta elkarlana sustatzeko egitasmoa da Landan Ekin. Goierriko bi proiektu aurkeztu dira, bat Biziolaren banaketa zerbitzuari lotua eta bestea Erbel Erle Beltzaren elkartearena, baina ez dira sarituak izan.
Goimeneko teknikari Manex Aranburuk, Xabier Arruti Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Landa Garapen zuzendariak, Landaolako zuzendaritzako Iñaki Elgarresta gabiriarrak eta Caixabankeko Ana Garibik hartu dute hitza saioan. Ekitaldia Yurre Peñagarikano Landaolako kideak gidatu du.
Denera hamar sari banatu dituzte: horietako sei Landan Ekin sariketako sei kategorietakoak –2.500na eurokoak– eta beste lau Caixabankeko gizarte ekintza arloak eskainiak –1.000na eurokoak–.
LANDAN EKIN SARITUAK
1. Nekazaritza jardueraren garapena atala
- Titulua: Ibarbi edo Errezil sagarra
- Deskribapena: Ibarbi Errezil Sagarra kooperatibaren proiektu estrategiko berritzailea: ekoizpenaren optimizazioa, merkaturatzea eta jatorrizko izendapena lortzea.
- Egilea: Ibarbi edo Errezil sagarra kooperatiba
2. Lehenengo sektoreko dibertsifikazioa
- Tituloa: Iragana erreparatuz, etorkizun berriak
- Deskribapena: Esnekien salmenta zuzena egitea , belaunaldi aldaketa ondoren ustiategia errentagarria izateko
- Egilea: Maite Mantzisidor
3. Emakume ekintzaileari saria
- Titulua: Pelegriñene baserria
- Deskribapena: Tomate ekoizpenaren negozioan erreleboa
- Egilea: Maddalen Odriozola
4. Gazte ekintzaileari saria
- Titulua: Gaztagintza dibertsifikazioa: Behiar proiektua
- Deskribapena: Dibertsifikatzeko apustua egin dute, ekoizpen ekologikoan oinarritutako behi eta latxa ardi esneen nahasketarekin formatu handiko gazta baten garapena eginez.
- Egilea: Sakona etxalde E.Z.
5. Belaunaldi aldaketa saria
- Titulua: Belaunaldi aldaketa
- Deskribapena: Upategi familiar baten belaunaldi aldaketa eman da iloben eskutara pasatuz.
- Egilea: Gañeta txakolina
6. Berrikuntza saria
- Tituloa: Gazta urdinaren garapena ahuntz esnearen bidez
- Deskribapena: Balio erantsi handiko ahuntz gazta urdina egitea da
- Egilea: Nagore Martin
LA CAIXA ‘RURAL TALENT’ SARIAK
- Titulua: Sagarrek, sagardotako euskal sagar ekologikoa
- Deskribapena: Euskal Herriko sagarrondoak landatu eta ekologiko sisteman sagardotarako sagarra ekoiztuko da, bertako sagardotegiei zuzenean saltzeko.
- Egilea: Oihana Rekalde
- Titulua: Ekintzailetza eta Astoka proiektua
- Deskribapena: Pertsonen osasun fisiko eta emozionala hobetzea astoek lagundutako ekintza eta saio alternatiboen bidez, bide batez arrisku larrian dagoen bertako arrazako Enkarterrietako astoari berrerabilpen berria ezarriz.
- Egilea: Rakel Irigoien
- Titulua: Gaztaintxulo
- Deskribapena: 3-9 urteko haur eta gaztetxoei naturan hezteko gunea izango da, lurrarekin adeitsuago izaten ikasiz eta bizilagun ditugun animaliekiko bizipenetan trebatuz.
- Egilea: Ane Aranburu
- Titulua: Artamugarri
- Deskribapena: Artamugarri: baratza, denda eta formakuntza.
- Egilea: Amaia Alberdi