Xabier Azurmendiren gazta munduko onenen artean
Zegamarrak urrezko domina lortu du munduko gazta onenen artean. Idiazabal jatorri izendapeneko beste 22 gazta ere sarituak izan dira.
Urriaren 27 eta 28an Norvegian World Cheese Awards ekitaldiaren 35. edizioa ospatu zen, eta Xabier Azurmendik Zegaman ekoitzitako Azurmendi gaztarekin urrea lortu zuen.
Ekitaldi hau munduko gazta txapelketa garrantzitsu eta handiena da, eta, bertan hainbat herrialdeetako partaidean izaten dira lehian.
Idiazabal gaztak ere badu zer esana txapelketa honetan eta, aurtengoan, Idiazabaleko 16 gaztandegi sarituak izan ziren 23 gaztekin: 4 urrezko, 9 zilarrezko eta 10 brontzezko dominak lortuz. Badira Goierrin saria jaso duten gaztandegi gehiago: La Lezek, esaterako jatorri goierritarra duen Arabako gaztandegiak, urrezko eta brontzezko domina lortu du; Zeraingo Garoa gaztandegiak aldiz, zilarrezko domina bat eta brontzezko beste bat; eta Idiazabalgo Aranburu gaztandegiak aldiz, brontzezko domina bat.
40 herrialde baino gehiagoko 4.000 gazta baino gehiago zeuden ekitaldian, era berean hainbat herrialde ezberdinetako dastatzaile zeuden epaimahaian. Beste behin Idiazabal JIBko gaztak munduko onenen artean sarituak izan dira. Horrelako ekitaldiek Idiazabalgo gazten kalitate handia egiaztatzen dute eta nazioartean izena eman eta prestigioa irabazten ere laguntzen die.